Maiatzaren 4an, igandea, Amaren Eguna dela eta, Mungiako Udalak AMAtxu Sariaren XXIII. edizioa ospatuko du. Sari honek, gehienetan, modu anonimoan eta trukean ezer eskatu gabe egindako baldintzarik gabeko entrega desinteresatu baten aitorpena sinbolizatzen du. Aurten, Mungiako herriak, eta bere izenean udalbatzak, 2025eko AMAtxu Saria emango dio “Mungia Lagunkoia” programaren talde eragileari.
Ekitaldia 13:15ean izango da, Landesa plazan, Jesus Lizasok sortutako AMAtxu jatorrizko eskultura dagoen lekuan. Ekitaldiko buru Alaitz Erkoreka, herriko alkatea, izango da, udalbatzako zenbait kiderekin batera, eta Udal Dantza Eskolako neska-mutilek, Mungiako Taket Bertso Eskolako bertsolari gazteek eta Santos Intxausti Musika eta Dantza Eskolako hari laukote batek parte hartuko dute.
AMAtxu Sariko XXIII. edizioa
Aurten AMAtxu Saria “Mungia Lagunkoia” programaren talde eragileak jasoko du. "Mungia Lagunkoia" programa honen helburua da herriek beharrezko neurriak hartzea adinekoak seguru, baloratuta eta integratuta senti daitezen, beren inguruneetan bizitza osoa eta autonomoa garatu ahal izateko. "Mungia Lagunkoia"-ren talde eragileak lan hori egiten du gure udalerrian 2018tik, denbora, dedikazioa eta konpromiso-dosi handia eskainiz, udalerriaren behar nagusiak identifikatuz eta proposamenak eginez, gure udalerriko adinekoen mesedetan.
Hala, 2025eko AMAtxu Sariak 60 urtetik gorako mungiar talde hori saritu nahi du, hasieratik "lantalde" gisa funtzionatu baitu, eta ezinbestekoa baita programa ezarri, bete eta jarraitzeko. Talde eragileko kide izan direnek urte hauetan udalerriko behar nagusiak identifikatzeko eta egin beharreko ekintzak proposatzeko lan handia eta nekaezina egin dute, ordainsaririk jaso gabe, gure AMAtxuren filosofiari jarraituz.