Albisteak

Mungiak Bitxikiak elkarteko Bildumazaleen feriaren XXI. edizioa hartuko du

Mungiako Bildumagileen Elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatutako Bitxikiaken Bildumazaleen XXI. feria apirilaren 26an eta 27an itzuliko da Mungiara. Horrela, bildumagintzaren munduko hitzordu garrantzitsuenetako batez gozatu ahal izango da udal kiroldegian eta Legardako eskola-eremuan, larunbatean, hilak 26, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta igandean, hilak 27, goizez, 10:00etatik 14:30era.

XXI. edizio honetan, bildumagile gazteek hartuko dute protagonismoa, eta gune berezi bat izango dute erakusketa-gunean. Bertan, Legocity, Bluey, Moneta, Harry Potter eta abarren hainbat bilduma egongo dira ikusgai. Era berean, gune horretan panpina ospetsuen erakusketak, artelanen bidezko orri-markatzaileen erakusketa didaktikoa, prentsa zaharreko erakusketak, betaurrekoentzako gamuzen erakusketak, isolagailuak, eskalako auto militarrak... ere egongo dira. Legardan, berriz, LEGOren dioramen lagin zabala egongo da.

Agrunortek tren-maketa ikusgarri bat aurkeztuko du, aurreko edizioetan baino handiagoa, eta zehaztasun handiz egina. EuskoPlayren eskutik, era guztietako paisaia eta jarduerekin osatutako dioramen muntaketaz ere gozatu ahal izango da. Panpina-etxeek ere presentzia handia izango dute.

Bestalde, ohiko Erosketa-Salmenta atalak ordezkaritza zabala izango du eta sailkapen-materialei buruzko azken nobedadeak izango ditu. Bildumagileen elkarteek Ferian sustatu ahal izango dute beren jarduera. Halaber, Trukearen atalak aulkiak eta mahaiak izango ditu, egonaldia erosoagoa izan dadin.

Azpimarratzekoa da, igandean, hilak 26, auto klasikoen elkarretaratzea ere antolatu dela, Mungiako XXI. Bitxikiak Bildumazaletasunaren Feria osatzeko.