-Ekainaren 18ra arte herritarrek dokumentua kontsultatu eta alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte erregistro orokorrean
-Apirilaren 29an, 18:30ean, dokumentuaren aurkezpena egingo da Olalde Aretoan
-Maiatzaren 13an eta 20an, 18:00etan, mungiarrek Udalak antolatutako eztabaida saioetan parte hartu ahal izango dute. Era berean, maiatzaren 13, 20 eta 28an ere kontsultak egin ahal izango dizkiote erredakzio-taldeari
Udalak aurrerapauso erabakigarria eman du etorkizuneko udalerria diseinatzeko bidean, Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren hasierako onespenarekin. Lurzorua nola antolatuko den, zerbitzuak non kokatuko diren eta udalerriko baliabide naturalak nola babestuko diren definitzen duen funtsezko tresna da. Mungiak datozen urteetan izango duen hirigintza, gizarte eta ingurumen garapena markatuko duen dokumentu estrategikoa.
HAPOren hasierako onespenarekin, jendaurreko informaziorako eta herritarren partaidetzarako epea ireki da, herritarren proposamenak entzuteko eta jasotzeko funtsezko gunea. Alegazioak aurkezteko epea ekainaren 18ra arte egongo da zabalik, eta Udaleko erregistro orokorraren bidez helarazi ahal izango dira.
Ildo horretan, Planari buruzko informazioa eta dokumentazioa nahi duten pertsona guztiek hainbat kanalen bidez kontsultatu ahal izango dute, hala nola www.mungiaplanorokorra.eus web-orriaren bidez; udal-bulegoetan (astelehenetik ostiralera, 9: 00etatik 14:00etara); eta Torrebillelan, apirilaren 28tik maiatzaren 9ra, planoak ikusgai egongo baitira.
Era berean, informazio- eta partaidetza-jarduerak programatu dira. Apirilaren 29an, 18:30ean, dokumentua aurkeztuko da Olalde Aretoan. Bestalde, maiatzaren 13an eta 20an, 18:00etan, Udalak antolatutako eztabaida-saioetan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Aipatzekoa da maiatzaren 13, 20 eta 28an ere, 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 17:00etara, Udaletxeko erakusketa aretoan, HAZen bidez edo 010 telefonora deituta, nahi dutenek erredakzio-taldeari kontsultak egin ahal izango dizkiotela.
Mungiako alkate Alaitz Erkorekak adierazi duenez, "plan honek, eraiki nahi dugun Mungia ez ezik, nola eraiki nahi dugun ere definitzen du: gure bizilagunei entzunez, gardentasunez, etorkizunerako ikuspegiarekin eta garapen iraunkor eta orekatuaren aldeko konpromiso irmoarekin. Horregatik, Udaletik mungiarrak animatu nahi ditugu herritarren partaidetzarako tresna indartsuenetako batean parte hartzera, gure udalerriaren etorkizunerako funtsezkoa baita".