Albisteak

Mungiako Udalak, Mungialdeko Behargintzaren bitartez, triajeko langile izateko prestakuntza jarri du abian, eta Koopera enpresan gauzatuko da

Mungiako Udalak, Mungialdeko Behargintza Enplegu eta Ekonomia Sustapen Sailaren bitartez, prestakuntza-ekintza berritzaile bat jarri du abian, langabezian dauden edo udalerrian enplegua hobetu nahi duten pertsonei zuzendua. Mungiako Zabalondo auzoan dagoen Koopera gizarteratze-enpresak emango duen ikastaroa da, eta parte-hartzaileak profesionalki kualifikatzea ez ezik, lan-aukera bat eskaintzea ere bilatzen du, dela enpresa berean, dela sektoreko beste enpresa batzuetan. Ekimenak tokiko lan-merkatuaren eskaerei erantzuten die, bereziki birziklapenaren eta iraunkortasunaren esparruan.

Mungiako Udaleko alkate eta Mungialdeko Behargintzako presidente Bakarne Egiak adierazi duenez, "planteatutako prestakuntza parte-hartzaileak kualifikatzeko asmoz sortu da, etorkizunean enpresa berean edo antzeko beste batzuetan lan-aukera izan dezaten". Era berean, zinegotziak gaineratu duenez, "nagusiki laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen integrazioa bultzatu nahi dugu, baina Mungialdeko Behargintzan izena eman eta ikastaroan interesa duen edonork ere aukera dezake, eskainitako 12 plazak bete arte".

Horrela, "Triajeko langilea: Hiri Hondakinen Sailkapena eta Merkaturatzea" izeneko ikastaroak prestakuntza integrala eskaintzen du hiru modulu nagusitan, guztira 370 orduko iraupenarekin:

-Hondakinak manipulatzea (265 ordu): hiri-hondakinak biltzeko, tratatzeko eta balorizatzeko prozesua ikastea.
-Ingurumena (50 ordu): ingurumen-sentsibilizazioa eta arazo ekologikoen analisia.
-Oinarrizko biltegiratze-eragiketak (55 ordu): berreskuratutako produktuen biltegiratzea eraginkortasunez kudeatzea, hala nola ehunenak, bazarrenak eta tamaina handiko hondakinenak.

Ildo horretan, ikastaroa Kooperak emango du, Mungiako Zabalondo auzoan kokatutako gizarteratze enpresa batek, zeinak bere jarduera handitu duen ehungintzaren birziklapenean eta beste ingurumen zerbitzu batzuetan. Azpimarratzekoa da proiektuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Gizarte Zerbitzuen Mungialdeko Mankomunitatearen, HHEren eta eskualdeko beste gizarte-eragile batzuen babesa duela.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 94 615 62 44 telefonora deitu edo orienta@mungialdeko-behargintza.com helbide elektronikora idatzi.