Albisteak

Mungiako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak

Mungiako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak tailer bigaz hasiko dau bere ibilbidea

Mungiako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak tailer bigaz hasiko dau bere ibilbidea

 

·         Izena emoteko epea zabalik dago daborduko

·         "Bidaiatzeko urruneko lekuak eta gertuko lekuak" maiatzaren 24an eta 31n eta bagilaren 7an eta 14an, martitzenetan, izango da, eta "Jente aurrean berba egiteko teknikak" maiatzaren 25ean eta bagilaren 8an eta 15ean, eguaztenetan

 

Mungian, 2022ko maiatzaren 16an.- Mungiako Udaleko Jabekuntza Eskolak uda aurretik tailer bi martxan jarrita ekingo deutso ibilbideari, hausnartzeko, eztabaidetako eta ikasteko topagunea eskaintzeko helburuagaz.

Ager Izagirre Mungiako alkateak adierazo dauen moduan, "Emakumeentzako Jabekuntza Eskolea apustu garrantzitsua da, eta prestakuntzarako, topaketarako eta hausnarketarako guneak sortzeko beharretik abiatzen da, gaur egun oraindino be emakumeek pairatzen dituen desbardintasun- eta diskriminazino-egoeren inguruko kontzientzia sortzeko helburuagaz. Eskolaren bidez, emakumezkoek bizitza sozial eta politikoan modu aktiboan parte hartzea bultzatu gura dogu. Ahalduntze indibiduala (aldaketa subjektibo eta pertsonalakaz) ez ezik, aldaketa kolektiboak be lortu gura dira (emakumezkoen sareak sortuz)".

"Bidaiatzeko urruneko lekuak eta gertuko lekuak"

Bidaiatzeko hainbat leku; bidaia zelan planifikatu; bidaiatzeko orduan kontuan hartu beharreko gaiak (kulturea, hizkuntza, legeak, gidariaren edo interpretearen beharra…); larrialdietan zelan jokatu (lapurretea, jazarpena, berbazko erasoa edo eraso fisikoa, autodefentsea…).

Tailerrak 8 orduko iraupena izango dau, eta maiatzaren 24an eta 31n eta bagilaren 7an eta 14an, martitzenetan, emongo da 17:30etik 19:30era, Katetxean (Beko Kalea 18).

"Jente aurrean berba egiteko teknikak"

Bildurrak identifikatu eta aztertuko dira, eta horreei aurre egiteko teknika zehatzak jarriko dira indarrean. Komunikazino-prozesuetan generoak daukan eragina hartuko da kontuan. Eta keinuak aztertuko dira, diskurtsoari koherentzia emoteko elementu garrantzitsu moduan.

Tailer hori be 8 ordukoa izango da, eta leku eta ordu berean emongo da maiatzaren 25ean eta bagilaren 1ean, 8an eta 15ean.

Izen emoteak: berdintasuna@mungialde.eus eta whatsapp bidez: 747.414.272