Albisteak

Emerando auzorako hornidura-sarea handitzeko proiektua lizitazio-fasean dago

Mungiako Udalak Emerando auzorako hornidura-sarea handitzeko proiektuaren lehen fasearen lizitazio-prozesua hasi du, eta, horrela, urrats berri bat eman du inguruko bizilagunekin hartutako konpromisoan, edateko uraren hornidura segurua eta kalitatezkoa izango dela bermatzeko. Lizitazio-prozesu hori urtarrilaren 14ra arte egongo da martxan, eta, beraz, obrak 2026ko lehen seihilekoan abiaraztea aurreikusten da.

Proiektu hau Alkatetzaren Dekretu bidez onartu zen, eta 1.500.614,09 euroko inbertsioa du guztira (BEZa barne). Udalak oso-osorik ordainduko du, bai eta etorkizuneko ur-biltegia kokatuko den lursaila erosi ere.

Gaur egun, Emerando auzoak ez du hornidura-sarerik, eta, beraz, ezinbestekoa da jarduketa hau Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ezarritako kalitate- eta osasungarritasun-estandarrak betetzen dituen hornidura bermatzeko. Lehen fase honen lizitazioa funtsezko aurrerapausoa da Mungiako Udalak, auzoko elkarteak eta hainbat erakundek (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, URA eta Bizkaiko Foru Aldundia) elkarrekin luzaroan landutako proiektuaren barruan.

Mungiako alkate Alaitz Erkorekak adierazi duenez, "udalerriarentzat garrantzitsua den proiektu honen urrats bakoitzaren berri eman nahi dugu: lehenik eta behin, proiektuaren onarpenarekin, orain lizitazioarekin, eta haren garapena komunikatzen jarraituko dugu errealitatea izan arte. Funtsezko jarduera da udalerriko oinarrizko azpiegitura eta Emerandoko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko". Era berean, alkateak honako hau gaineratu du: "hau da udalerriko auzo bakoitzerako legealdi planean hartu ditugun konpromisoen barruan argia ikusteko gertu dagoen proiektuetako bat".

Hauek dira proiektuaren lehen fase honetako jarduera nagusiak:

-Ur-horniduraren lurpeko kanalizazioa, Markaida auzoko ponpaketa-sistematik Emerando auzoan eraiki nahi den ur-biltegiraino.
-Instalazio elektrikoaren lurpeko kanalizazioa, Emerando auzoko konexio-puntutik eraiki beharreko ur-biltegiraino.
-Ur-hornidurako lurpeko kanalizazioa, eraiki beharreko ur-biltegitik auzoko etxebizitzetaraino.

Lizitazio-prozesua irekitzearekin batera, Udalak aurrera egiten jarraitzen du Emerando auzoa oinarrizko zerbitzu batez hornitzea ahalbidetuko duen proiektu estrategiko batean, lurralde-kohesioarekiko eta herritarren ongizatearekiko udal-konpromisoa indartuz.