Albisteak

Udalak "Mungia berdintasunerako bidean" jarri du abian, ikasleen artean berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko programa aitzindaria

Mungiako Udalak beste urrats bat eman du genero-indarkeriarik gabeko gizarte bidezkoago bat eraikitzearen garrantziaren inguruan ikasleak, irakasle-taldeak eta familiak hezten eta sentsibilizatzen jarraitzeko. Helburu horrekin, hain zuzen ere, jarduera aitzindari bat jarri du abian: "Mungia berdintasunerako bidean". Programak, Bentades Ikastetxeko, Larramendi Ikastolako eta Mungia Institutuko Bigarren Hezkuntzako gela guztietan egingo diren jarduerak eta tailerrak biltzen ditu, zeinarekin 1.000 ikasle baino gehiagorengana iristea aurreikusten den.

Mungiako alkateak, Alaitz Erkoreka Baraiazarrak, Mungiako Udalaren apustu irmo eta anbiziotsu honen garrantzia azpimarratu du, "hezkuntza funtsezko zutabea da indarkeria matxista desagerrarazteko eta gizarte justuagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko. Ekimen honen bidez, gure gazteak errespetu- eta ekitate-balioekin haztea eta edozein genero-indarkeria motari aurre egiteko beharrezko tresnak izatea bermatu nahi dugu ", adierazi du.

Mungiako hezkuntza-komunitatearen babesa duen "Mungia berdintasunerako bidean", , irailean ezarriko da eta datozen lau urteetan luzatuko da.

"Ekimen honekin, Mungiak genero-indarkeriaren aurkako borrokan konbentzimendu sendoarekin jarraitzen du lanean, herritar guztien berdintasun eta ongizatearekiko konpromisoa berretsiz", azaldu du zinegotzi jeltzaleak.

Funtzionamenduari dagokionez, edukiak talde bakoitzaren adinera egokituko dira, ikuspuntu intersekzionala eta feminista kontuan hartuta. Metodologia parte-hartzailea izango da, eta gazteentzako segurtasun-eremuak landuko dira. Dinamikez gain, eztabaidarako eta hausnarketarako tarteak gordeko dira. Besteak beste, ekintza hauek nabarmentzen dira:

  • Berdintasunean sentsibilizatzeko eta hezteko tailerrak. Jarduorok, ikasleak sentsibilizatzeko diseinatuak daude, beren bikote-harremanetan eta harreman afektiboetan indarkeriazko ereduak eta jokabide sexistak errepika ez ditzaten.

  • Irakasleak sentsibilizatzea eta laguntzea. Ikasleekiko lanaz gain, irakasleentzako koordinazio- eta laguntza-sistema bat ezarriko da, eskola-kurriculumean genero-ikuspegia txertatzeko eta indarkeria-egoerak garaiz detektatzeko aukera emango duten tresna eta baliabide pedagogikoak eman eta laguntzeko.

  • Familiek parte hartzeko guneak. Aldi berean, familiak elkartzeko eta eztabaidatzeko guneak sortuko dira, hezkuntza-komunitate osoa inplikatzeko errespetuan eta berdintasunean oinarritutako bizikidetza-ingurune baten eraikuntzan.

  • "Beldur Barik" programa. Emakundek sustatutako erakunde arteko programa hori lantzen jarraituko da, EUDELekin eta Aldundiekin lankidetzan, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko.

25 urte baino gehiago berdintasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen

Mungiako Udala duela 25 urte baino gehiagotik ari da hainbat arlotan berdintasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzeko jarduerak egiten. Lehentasunezko ekintza-arloetako bat haurren eta nerabeen kolektiboa sentsibilizatzea eta prestatzea da.

Hori dela eta, urteetan zehar, gazteenei zuzendutako tailer, erakusketa, lehiaketa eta gainerako esku-hartze ugari egin dira, eta, aldi berean, udalerriko ikastetxe guztiekin koordinatuta lan egin da, betiere haien ezaugarri eta eskaera partikularrei erantzunez.

Hainbeste urtetako lan bateratu horrek ikastetxe guztietarako jarduera-programa egonkor eta komun bat ezartzeko beharra islatu du, ikastetxe bakoitzaren curriculumean txertatuko dena; horrela, Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiek berdintasuna sustatzera eta indarkeria matxista prebenitzera bideratutako hainbat eduki landuko dituzte ikasturte bakoitzean.