Albisteak

Mungiako Udalak Olaldeko zubiko lanak lizitetako prozesua hasi dau, jagokozan baimenak lortu ostean

Inguruko irisgarritasuna berreskuratzeko egin beharreko lanak egiteko 275.121,55 euro erabiliko dira guztira

Mungian, 2022ko abuztuaren 3an. Olaldeko zubia eregiten hasteko behar diran pausuak emoten ari dira. Azkenengoa lanak uste baino gehiago atzeratu dituan oztopo garrantzitsu bat gainditzea izan da. Izan be, eraikuntzaren azpitik kable eta hodi batzuk igaroten ziran, inguruko bizilagunak elektrizidadez eta urez hornitzeko. Argindar eta ur barik itxi ezin izan dituenez, Mungiako Udalak, Iberdrolak eta Ur Partzuergoak aldi baterako konponbidea bilatu behar izan dabe, inor ez kaltetzeko. Holan, konponbidea aurkitu eta Uraren Euskal Agentziaren baimena lortu ostean (ezinbestekoa, azpiegitura ibai baten gainean eregita dagolako), Udalak Olaldeko zubiko lanak lizitazinora aterako ditu.

Udalak 275.121,55 euro erabiliko ditu eraikuntzarako eta, inbertsino horri esker, inguruko irisgarritasuna berreskuratuko da. Lanei jagokenez, zubiko pasabidea guztiz aldatuko da, gaur egun dagon egurrezko pasabidea ordeztuz. Ganera, hormigoi armatu guztia saneau egingo da. Lanak lizitazino-prozesua amaitutakoan hasiko dira, eta urtea amaitu baino lehen amaituta egotea espero da.

"Itxaroten genduan baino gaiztasun gehiago izan doguz. Kontuan izan behar da tamainu horretako lan bat egin behar danean gatxa izaten dala zer aurkituko dogun aurreikustea. Holan, benetako buruhaustea ekarri daben kable eta hodi batzuk aurkitu doguz. Zorionez, konpondu ahal izan dogu, eta lizitazino-prozesua amaitutakoan ekingo deutsegu lanei. Inbertsino horri esker, zerbitzu garrantzitsua emongo deutsegu barriro inguruko bizilagunei. Mungiarako funtsezko azpiegitura izango da, zalantza barik", azaldu dau Ager Izagirre Mungiako alkateak.

Aurrekariak:

2021ean Mungiako Udalak, Olalde zubiaren egoera ezagutzeko txostena eskatu eutson egituretan espezializautako ingeniaritza enpresa bati. Ondorioa izan zan jentearentzako ixtea komeni zala, eta Udalak berehala debekau eban bertatik pasetea. Zubia itxi ostean, Mungiako Udalak barritzeko izapideak hasi ebazan, ahalik eta arinen zabaldu ahal izateko eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. "Badakigu denpora daroagula barritzen, baina gaiztasun handiak izan doguz. Horreek gainditu ostean, lanak laster lizitatu eta zubia barritzea aurreikusten dogu", amaitu dau Izagirrek.