Mungiak udako denboraldiari hasiera emango dio kanpoko igerilekuak irekiz. Gaurtik, ekainaren 9tik, irailaren 7ra, 10:00etatik 21:00etara egongo dira martxan. Ildo horretan, Udalak hobekuntzak egin ditu aurtengo urterako, Mungian udaz gozatzeko gune seguru, irisgarri eta erakargarria eskaintzeko.
Nagore Torre Mungiako Udaleko Kirol zinegotziak adierazi duenez, "ilusioz eta hobekuntzaz ekin diogu denboraldiari, eta gure herritarren esperientzia erosoagoa eta dibertigarriagoa izatea espero dugu. Urtero gure instalazioak berritzen, mantentzen eta hobetzen saiatzen gara, Mungiak merezi duen mailan egon daitezen".
Hala, azken hilabeteetan mantentze-lan orokorrak egin dira instalazioetan, ur-jokoak, txirristak, igerilekua bera eta beste elementu batzuk garbitu eta konponduz. Gainera, Udalak haurrentzako bi ur-jolas berri gehitu ditu: txorrota formako iturri bat eta txirrista txiki bat. Lursaila 75 metro karratu gehiagorekin ere handitu da: bai berdegunea, erabiltzaileek erosotasunerako leku gehiago izan dezaten, bai janlekua, mahaiak, eserlekuak eta itzaleko elementuak dituena, igerilekuak bisitatzen dituztenei espazio funtzional bat eskaintzeko. Era berean, instalaziora bero-ekarpena egiteko eguzki-plaken sistema berritzeari esker, uda honetan, igerilekuko ura klimatizatuko da.
Segurtasunari dagokionez, larrialdiko irteera berri bat prestatu da, eta gailu osagarriak prestatu dira, anbulantzietarako sarbidea errazteko eta behar izanez gero arreta azkarra bermatzeko. Mungian udaz gozatzeko gune seguru, irisgarri eta erakargarri bat eskaintzeko egin dira jarduera horiek guztiak.
Azpimarratu behar da, ohi bezala, igerilekuak itxita egongo direla San Pedro jaietan, zehazki ekainaren 29an eta uztailaren 6an, eta ordutegi bereziarekin 28an (10:00-18:00) eta 30ean (10:00-14:00).
Sarreren prezioa aurreko denboraldien antzekoa izango da: 3,10 euro 4 eta 14 urte bitarteko gazteentzat eta 5,15 euro 15 urtetik gorakoentzat. Sasoiko abonuak ere eskuragarri daude, banakakoak zein familiakoak, guraso bakarreko familientzako abonuak barne, eta horien prezioa aldatu egiten da kide kopuruaren arabera.
Igerilekuko jarduerak
Aurten, ekainaren 21ean, puzgarriak eta ur-jolasak izango dira, 13:00etatik 19:00etara, erabiltzaileentzat. Gainera, ate irekien jardunaldi bat ere egingo da ekainaren 28an, eta bertaratzen diren pertsona guztiek Igeriketa Klubak antolatutako uretako jolasez gozatu ahal izango dute barruko igerilekuan.