Noticias

Amilotx Dantza Taldeak 2022ko Euskara Saria jasoko dau Mungiako Euskararen Nazinoarteko Egunean

Mungia, 2022ko zemendiaren 30a. Abenduaren 3an (zapatua) Mungiak Euskararen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau ohiko ekitaldi programagaz. Halaber, Euskara Saria eta Lauaxeta Poesia Lehiaketaren XV. edizinoko sariak banatuko dira. Aurtengo edizinoan Euskara Saria bertako Amilotx Dantza Taldeari emongo jako. Taldea dantzari talde batek sortu eban 2003an, Euskal Herriko kultura eta folklorea gorde eta hedatzeko xedez. Urte horreetan zehar, Amilotxek euskal kulturaren eboluzinoa islatu dau, eta ikuskizunetan gaur egungo musika eta poesia gehitu dauz. Zapatuan dantza pieza pare bat eskainiko deuskuz.

Afrika Bibang abeslariak bere soul eta R&B musikaz Olalde Aretoa beteko dau, eta euskara protagonista dauan eguna girotuko dau. Mungiako alkate Ager Izagirrek azpimarratu dau kulturaren garrantzia hizkuntzaren erabileran eta kontserbazinoan; izan be, "azken urteotan gure hizkuntzaren loraldi apal bat bizitzen ari garen arren, oraindik asko dogu egiteko. Lanean jarraitu behar dogu gure neurrira egindako kultura eraikitzeko, plaza barriak, entzule barriak eta aukera barriak bilatuz, gure hizkuntza hedatzeko gaitasun handiagoa izateko".

Abenduaren 3ko ekitaldia 19:00etan hasiko da Olalde Aretoan. Ekitaldi horrez gain, barikuan, abenduaren 2an, bertso-saioa egongo da Torrebillelan 19:00etan. Bertan, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriagazarraga, Mikel Goiriena eta Aitor Etxebarriagazarraga entzuteko aukera izango dogu.