Lauaxetaren ibilbidea

Olerkariaren bizitza pertsonal, politiko eta literarioan barrena ibilbide zabala eskaintzen deutsuna, ezagutu eizu.

 

Gainera, euskal olerkigintzaren aitzindaria eta 30eko hamarkadako Euskal Pizkundearen sustatzaile nagusietako bat izan zen gizon hura hobeto ezagutzeko aukera paregabea ematen du.


Argazkiak, faksimile-edizioak, garai hartako dokumentuak, sariak, kartelak, egunkarien lehen orrialdeak eta bestelako objektuak bertatik bertara ikusita, bisitariek Esteban Urkiaga, Lauaxeta zenaren bizimodua nolakoa izan zen irudikatu dezakete 1905eko abuztuaren 3an jaio, haurtzaroa eta gaztaroa Mungian eta helduaroa Bilbon igaro eta Gasteizen hil zuten arte (nazionalek fusilatuta hil zen 1937ko ekainaren 25ean).


Ibilbide honek Esteban Urkiaga zenaren bizimodua ikuspegi ezberdinetatik erakusten dio bisitariari. Bere garaiarekiko, bere lurrarekiko eta bere jendearenganako zuen konpromisoa azken hariraino eraman zuen kazetaria, euskal olerkaria eta politikari abertzalea izan zen gizona nabarmentzen du erakusketa honek.