Albisteak

2021eko Aurrekontuak

Mungiak pertsonen ongizatearekiko konpromisoa indartuko du 2021eko aurrekontuetan

Mungiako Udalak 2021. urterako 21.060.151,15€-ko aurrekontua onartu zuen abenduan, gobernu taldea osatzen duten alderdien (EAJ-PNV eta PSE) gehiengo osoari esker.

 

Covid-19ak eragindako egoera dela-eta, "datorren urterako diru-sarreren beherakada izan dugun arren, 2021erako onartutako kopurua 2020rako onartutakoaren antzekoa da; hori gauzatu ahal izateko, udalean burututako kudeaketa ekonomiko onari esker, aurreko urteetako aurrezkiak erabili izan dira", baieztatu du Leire Bilbaok, Ekonomia, Ogasuna eta Finantza arloko Alkateordeak.

 

Aurrekontu berriak lantzeko orduan, lehentasun hauek azpimarratu dira:

- Lehenik eta behin, pandemiak eragindako beharrizanei erantzuna ematea da:

o    Enplegurako sustapenera eta prestakuntzara bideratutako partida handitu da; horrekin batera, ekonomia sustapenera zuzendutako kopurua ere handiagoa izango da, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen beharrizanei erreparatuta.

o Gizarte Ekintzara bideratutako gastu-kopuru handiagoa, Gizarte Zerbitzuen Mungialde Mankomunitatearen bitartez, eta ondoko ekimenetan buru-belarri: elikagaien banaketaren zerbitzua, osasun-produktuak, bakarrik bizi diren adineko pertsonenganako arreta, genero-indarkeria…

 

- Udal zerbitzuak eguneratzeko eta hobetzeko bidean:

  • Prozesuen eta izapidetzen digitalizaziorako baliabideak indartuko dira, zerbitzuak eta eta udal informazioa gure herritarrei gehiago gerturatzeko eta errazteko helburuarekin.
  • Kaleen, udal eraikinen eta ikastetxeen eraikinen garbiketa-lanen sendotzea, Covid-19ari aurre egiteko protokoloak aurrera eramateko.

 

- Kultura, kirol eta gizarte elkarteekiko laguntza, egunerokoan aurrera egiten jarraitzeko.

 

- Klima-aldaketaren aurkako eginbidean lan egiten jarraituko dugu, eta energia-eraginkortasunaren aldeko apustua egiten ere bai. Hobekuntza-lanak bideratuko dira argiteria publikorako eta hondakinen bilketarako.

 

- Aurrekontu Partehartzaileetan onartutako proiektuak gauzatuko dira, adibidez, umeentzako joko berrien instalazioa Torrebillela Parkean (100.000€).

 

- Inbertsioetara bideratutako partidari dagokionez, ekintza hauek gauzatzea dago aurreikusita:

  • Gure kaleen asfaltatuak egoera onean mantentzeko eta hobetzeko lanak (200.000€).
  • Gure kaleak eta espaloiak irisgarriagoak izan daitezen egokitze-lanak egingo dira, herria guztiontzako gune erakargarria izateko eginbidean (100.000€).
  • Gure auzoetako zerbitzuen eta azpiegituren hobekuntzan aurrera egiteko konpromisoari eutsiko diogu (125.000€).
  • Ikastetxeetako azpiegituren hobekuntza-lanak: Legarda Ikastetxeko pistaren estaldura berriztatuko da (450.000€); horrez gain, Uriguen Haurreskolan iturgintza-lanak gauzatuko dira (45.000€).
  • Futbol zelaiko harmailen berriztatzea (200.000€).

 

 

Jose Angel Fernandezek, PSEko zinegotziak, baieztatu duenez, "aurrekontu hauen bidez giza ekimenera bideratutako gastu- eta inbertsio-kopuru handiaren aldeko apustua egiten dugu".

 

Ager Izagirrek, Mungiako alkateak, baikortasunez adierazi duenez, "aurrekontu berriei esker mungiarrekiko ditugun konpromisoak betetzen jarraitu ahal izango dugu, pertsonak ardatz nagusia izanda, beti egin izan dugun moduan".