Albisteak

Nekazaritza Ekologikoaren XXIII. Azoka egingo da larunbat honetan Mungian

Foruen Enparantzan ospatuko da 10:00etatik 15:00etara eta hogei ekoizle inguru bilduko ditu, gehienak bizkaitarrak.

Datorren larunbatean, irailak 30, Mungiak bere tokiko produktuari balioa emango dio berriz ere Nekazaritza Ekologikoaren XXIII. Azokaren ospakizunarekin, Foruen Enparantzan, 10:00etatik 15:00etara. Azoka Mungiako Udalak antolatu du Ekolur Bizkaiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoaren Elkartearekin elkarlanean.

Ekimen honek hogei ekoizle inguru bilduko ditu Mungian, gehienak bizkaitarrak, eta frutak, barazkiak, gaztak, marmeladak, kontserbak... jarriko dituzte salgai. Gainera, aldi berean, programazioak tailerrak eta zozketak aurreikusten ditu.

Tailerrei dagokienez, produktu ekologikoen ingurukoak izango dira, honako proposamen hauekin: baratze txiki bat egiteko tailerra; errezeta erraz eta osasuntsu bat egiteko tailerra; eta abeltzaintza ekologikoaren onurei buruzko hitzaldi bat, larre ekologikoko haragi-dastatze batekin batera. Eta azokari amaiera emateko, 14:00etan produktu ekologikoen hiru saski zozkatuko dira azokako postuetan erosketak egiten dituzten guztien artean.

Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak adierazi duenez, “aurten ere gure udalerriak azoka hau hartuko du eta ekoizpen ekologikoarekin dugun konpromisoa argia eta irmoa da. Cittaslow sarearen parte gara, eta esparru horretan horrelako ekitaldien aldeko apustua egiten jarraitu besterik ezin dugu egin, modu iraunkorrean eta kontzientean lan egiten duten nekazari guztientzat erakusleiho garrantzitsua baitira. Gero eta gehiago gara ingurumenarekin tokiko kontsumo arduratsuagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa egiteko kontzientziatuta gauden pertsonak”.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da datorren larunbatean Nekazaritza Ekologikoaren XXIII. Azokara hurbiltzen den jendeak produktu ekologikoek eskaintzen dituzten ezaugarriei eta bermeei buruzko informazioa jaso ahal izango duela, baita produktu horiek egiaztatzeko egiten diren kontrolei buruzkoa ere.