Albisteak

Mungiako Udalak Mungibonoa programa jarriko dau martxan bagilaren 1etik 30era

  • Kontsumitzaileek 60 euroko balioa daben 12 bonu izango ditue; bonu bakotxak 5 euroko beherapena izango dau 15 eurotik gorako erosketetan.
  • Udalak, guztira, 79.000 € bideratuko ditu programara

Mungiako Udalak, Mungiako Merkatari eta Ostalarien Alkarteagaz alkarlanean, Mungibonoa programaren beste edizino bat jarriko dau martxan bagilaren 1etik aurrera. Ekimen horren helburua udalerriko merkataritza jarduerea dinamizetea da, baita herriko establezimentuetan erosketak sustatzea be. Kanpainak bagilaren 1etik 30era arte iraungo dau. Kanbio-sistemea, programeagaz bat egin daben establezimentuek eurek trukauko daben bonua izango da, eta erosketaren unean aplikauko da. Udalak 79.000 € bideratuko ditu guztira Mungibonoren deialdi honetara, tokiko negozio txikien aldeko apustua eginez beste behin be.

Holan, 15.800 bonu jaulkiko dira eta 16 urtetik gorako mungiarrek izango dabe deskontuak jasoteko eskubidea. NAN bidez identifikautako persona bakotxak gehienez be hamabi bonu batu ahal izango ditu, 60 €-ko balioagaz. Bonuak beherapen lez erabili ahal izango dira programeagaz bat egin daben establezimentuetan egiten diran erosketetan, araubide honen arabera:

• Banaka bonu bakarra 15 €-ko edo gehiagoko erosketetarako.

• Gehienez 12 bonu alkarregaz 180 € baino gehiagoko erosketarako.

Azpimarratu behar da bonuak 2023/06/30a baino lehen trukau behar dirala, eta ez dala diruz lagunduko egun horren ostean egindako erosketarik.

Nagore Torre Mungiako Udaleko jarduneko Ekonomiaren Sustapen eta Enplegu zinegotziak holango programak egitearen garrantzia azpimarratu dau, “herrian beti harrera ona jasoten dauen ekimena da. Ganera, bonuak oso pizgarri garrantzitsuak dira tokiko ekonomiarentzat, erosketak eta kontsumoa sustatzen ditue Mungian. Gure esku dagon guztia emon behar dogu udalerriaren pultsu ekonomikoari eta sozialari eusteko. Gure saltokiei laguntzen eta bezeroei mesede egiten deutsegu, erosketetan asko aurreztuz”.