Albisteak

Mungiako Udalak Gau Baltzaren tradizioak berrinterpretatuko ditu urriaren 31n antolatutako ekitaldien programarekin

Joaldunen eta Izenadubako pertsonaia mitologikoen kalejira, aurpegia eta ilea apaintzeko Glam Gela, magia ikuskizunak, txokolatada, photocall tematikoa eta musika izango dira jarduera nagusiak.

Mungiako Udalak Gau Beltzaren esentzia berreskuratu nahi du, jai honen inguruko tradizioak berrinterpretatuz, urriaren 31ko arratsalde-gaueko ekitaldien programarekin. Ekimen honek magia, beldurraren jokoa eta iluntasuna izango ditu ardatz, eta arimetako gau horretako pertsonaia bihurrienen taldea erakutsiko du.

Hasteko, 18:00etan, Joaldunen eta Izenadubako pertsonaia mitologikoen kalejira Euskal Pizkundea etorbidetik abiatuko da Butroi, Lauaxeta Olerkari eta Izenaduban amaitzeko. Azken leku horretan, 19:00etatik 21:00etara, Glam Gela bat jarriko da, aurpegia margotzeko eta ilea apaintzeko txokoa; magia ikuskizunez gozatzeko aukera izango da baso osoan zehar; eta txokolate jana egongo da Landetxo baserriaren ondoan.

Aldi berean, Uriguen parkean Arimen Gunea egongo da, 21:00etatik 00:00etara "Lehian" taldearen erromeria izango da eta 03:00ak arte Markel Calonge DJ egongo da.

Nagore Torre zinegotzi eta alkateordeak azaldu duenez, "gau magiko honen inguruko egungo bizipenetan oinarritutako Gau Baltza birsortu nahi dugu, euskal kulturan oso errotuta dagoen jaiegun bateko tradizioak ezagutzeko aukera emango diguna, munduko beste leku batzuetan ezagutzen ditugun ohitura eta erritu oso antzekoekin. Mungiarrek modu ezberdinetan ospatzen dute jai hau eta Udaletik alternatiba erakargarri bat eskaini nahi diegu, identifikatuta senti daitezen eta adin guztietako pertsonek parte har dezaten, familian edo koadrilan ".

Zinema berezia Gau Baltzan

Urteko programaziorik beldurgarriena osatzeko, Mungiako Udalak bi zinema-saio programatu ditu, 16 urtetik gorakoentzat gomendatutako "El exorcista: creyente" filma proiektatzeko. Olalde Aretoan izango da, urriaren 31n 20:00etan eta azaroaren 1ean 19:30ean.