Albisteak

Mungiako Udalak bat egingo du HIESaren aurkako Munduko Egunarekin, gazteei zuzendutako prebentzio-jarduerekin

Mungialde Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak informazio-gune bat jarriko du, eta tailerrak eta hitzaldiak antolatuko ditu Mungiako Institutuko eta Larramendi Ikastolako Batxilergoko ikasleen artean.

Abenduaren 1ean HIESaren aurkako Munduko Eguna ospatzen da eta Mungiako Udalak, Mungialde Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuaren bitartez, abendu osoan zehar hainbat informazio eta sentsibilizazio ekintzekin bat egingo du.

Hilaren 1ean bertan, Mungiako Institutuan eta Larramendi Ikastolan HIESaren prebentzioari buruzko informazio-gune bat jarriko dute, batez ere Batxilergoko ikasleentzat. Gainera, abenduan zehar, hainbat prebentzio-tailer egingo dira ikastetxeetan, adin-tarte berean sexu segurua praktikatzeko jarraibideak emateko. Ondoren, GIB-HIESari buruzko solasaldiak egingo dira.

Halaber, abenduaren 1ean, 11:30etik 13:30era, informazio eta sentsibilizazio gune bat jarriko da Mungiako udaletxearen inguruetan. Gune honen bidez, mungiar guztiak hurbildu ahal izango dira zalantzak argitzeko eta informazioa jasotzeko.

Arratsaldean, Gaztegunean, 18:30etatik 20:00etara, jolas parte-hartzailearen teknikarekin tailer bat eskainiko da, ligatzeko orduan tratu onak sustatzeko eta HIESaren prebentzioa lantzeko. Jarduera hori Berdintasunerako Udal Zerbitzuaren laguntzarekin antolatu da.