Albisteak

Mungiako Udalak azaroaren 2an hasiko du 2024ko aurrekontuak diseinatzeko parte-hartze prozesua

Azaroaren 2tik 16ra bitartean, mungiarrek aurrez aurre (HAZ, Udal Kiroldegia eta Behargintza) eta www.mungia.eus helbidean online aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. 

2024ko Aurrekontu Parte-hartzaileak egiteko prozesua martxan da dagoeneko Mungian. Izan ere, Udalak azaroaren 2an irekiko du mungiarrek udalerrirako lehentasunezkotzat jotzen dituzten eta datorren urtean gauzatu litezkeen jarduerak proposatzeko epea. Parte hartu gura duten guztiek azaroaren 2tik 16ra bitartean inprimaki bat bete beharko dute eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, Udal Kiroldegian eta Behargintzan dauden hautestontzietan utzi. Egun horietan bertan, ekarpena online ere egin ahal izango da www.mungia.eus webgunean, herritarren parte-hartzea erraztu eta arintzen duen formula. Gainera, azaroaren 3an, 4an, 9an, 10ean eta 11n, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, bi pertsona Mungiako hainbat gunetan ibiliko dira, prozesuari buruzko informazioa emateko eta parte-hartze aktiboan laguntzeko.

Online galdetegia: https://labur.eus/d4xoK

Urtero egiten den bezala, Udalak azpimarratu du mungiarrek egiten dituzten proposamenak udal-eskumenekoak izan behar direla, eta alde teknikotik eta ekonomikotik bideragarriak. Gogorarazi du, halaber, ez dela Mungiako obra txikien edo mantentze-lanen gaineko ekarpenik egin behar, gaur egun horretarako partida zehatzak daudelako.

Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak adierazi duenez “parte-hartzaileek udalerriaren etorkizunerako positiboak diren proiektuetan pentsatu behar dute, guztion onurarako direnetan. Orain hasten ari garen prozesu hau parte-hartzeko dugun tresnarik indartsuenetakoa da, mungiarrek eurek hartzen dutelako ahotsa eta boterea euren herrikideei zuzenean eragiten dieten erabakiak hartzeko orduan”.

Izan ere, 2018an Mungian Aurrekontu Parte-hartzaileak abian jarri zirenetik, Mungiako pertsonek proposatutako 13 proiektu gauzatu dira. Horren erakusgarri, duela gutxi horietako hiru inauguratu dira: parke botanikoa Uriguen parkean, areto berriak Udal Kiroldegian eta pumptrack gunea skate parkean.

Erkorekak adierazi bezala, “pertsonengan eta haien bizi-kalitatean oinarritutako aurrekontuak diseinatu eta gauzatu gura ditugu, mungiarrek benetan eurenak direla senti dezaten. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua horren erakusgarri da”. Horregatik, Mungiako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera eta euren iritziak eta lehentasunak zuzenean adieraztera.