Albisteak

Mungiako Lauaxeta Olerki Lehiaketaren aurtengo edizioak "Badakit" izango du abiapuntu

Parte hartu nahi duten pertsonek lanak aurkeztu beharko dituzte urriaren 1etik azaroaren 10era.

Mungiako Udalak urriaren 1etik aurrera jarriko du abian aurtengo Lauaxeta Olerki Lehiaketa. Hamaseigarren edizio honetan, gaia "Badakit" izango da. Parte hartzaileek haren interpretazio librea egin beharko dute beren olerkietan. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 10a izango da.

Euskaraz bakarrik sortutako testuak aurkeztu beharko dira, bakoitzak nahi duen tamaina, errima eta ahapaldi kopuruarekin. Konposizioek gutxienez 100 bertso eta gehienez 200 bertso izan beharko dituzte.

 Irabazleak 800 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 500 eurokoa.

Lanek originalak izan beharko dute, eta aldez aurretik ezin izan dira sarituak izan beste lehiaketa batean. Bestalde, ez dira jatorrizkotzat hartuko beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.
 

Mungiako Udalak lanak aurkezteko hainbat bide jarriko ditu: Udalaren egoitza elektronikoa, posta arrunta (Mungiako Udala, Euskara Saila. Trobika 1, 48100, Mungia) eta Mungiako Udaleko HAZeko bulegoa, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta 94 674 12 16 telefonoan.

Informazio gehiago jaso daiteke oinarrietan www.mungia.eus webgunean.