Albisteak

Mungiako autokarabanentzako aparkalekua martxan dago aste honetatik aurrera

Anbulatorio medikoari eta ferialari zerbitzua ematen dien aparkaleku batean dago, eta "garbigune" zerbitzua du ur beltzak eta grisak isurtzeko eta biltegiak ur garbiarekin ordezkatzeko

Mungiako autokarabanentzako aparkaleku berria aste honetatik dago martxan. Herrirako sarrera nagusietako batean dago, anbulatorio medikoari eta ferialari zerbitzua ematen dien aparkalekuko gune batean. Azpiegiturak garbigune edo puntu berde bat du, eta, bertan, karabanistek ur beltzak eta grisak isuri ahal izango dituzte, eta ibilgailuen deposituak ur garbiarekin ordezkatu.

Era berean, txandakako 6 plazako beste aparkaleku txiki bat prestatu da, karabanazaleek gehienez 72 orduz aparkatu eta gaua igaro dezaten. Autokarabanen aparkalekuaren erabiltzaileek jakin behar dute beren araudiak debekatu egiten duela mahaiak eta aulkiak kanpora ateratzea eta toldoak zabaltzea.

Aurrekontu parte-hartzaileak

Autokarabanentzako aparkaleku bat egokitzea izan zen Mungiako Aurrekontu Partehartzaileen laugarren edizioaren azken fasean gehien baloratutako proiektua, 1.044 botorekin. Hurrengo bi baloratuenak Uriguen parkean ibilbide botaniko bat sortzea eta Mungiako elkarteen azoka egitea izan ziren.