Albisteak

Mungiako Aurrekontu Parte-hartzaileen bigarren fasea hasiko da, hautatutako proiektuen artean lau bozkatzeko

Maiatzaren 6tik 19ra herritarrek lehen fasean hautatu diren hamaika proiektuen artean lau hautatzeko aukera izango dute

2023ko azaroan, 2024ko Partaidetzazko Aurrekontuen lehen fasea gauzatu zen. Bertan 571 pertsonak parte hartu zuten eta 755 hobekuntza-proposamen bildu ziren. Azterketa teknikoa egin ondoren, hamaika proiekturen zerrenda sortu da. Oraingo honetan, aurrekontuak bigarren fasean sartzen dira, eta, beraz, herritarrek aukeratzen dute zein proiektu gauzatuko diren.

Boto gehien jasoko dituzten lau proiektuak 2024ko Udal Aurrekontuan sartuko direnak izango dira. Horretarako, Udalak 200.000 €gordeko ditu. Botoa emateko epea maiatzaren 6tik 19ra irekiko da. Mungian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute.

Zehazki, Mungiako herritarrek hauen artean lau proiektu hautatu behar dituzte:
o    Txakurren aisialdirako gune berri bi Atxurizubi kalean eta Gamiz bidean. 16.000 €
o    Banku estaliak. 40.000 €
o    Hiri-altzari berriak jartzea eta daudenak berritzea (bankuak, iturriak, paperontziak...). 40.000 € arte
o    Argi berriak instalatzea eta egoera txarrean daudenak berritzea, segurtasun barik lekuak hobetzeko. 40.000 €arte
o    Laban ez egiteko tratamendua egitea Urigunean arazoak sortzen diren lekuetan. 40.000 € arte
o    Oinazkoentzat egitea bide zati bat: Aita Elorriagatik (Ramontxu taberna), Gamiz bidera (gimnasioa). 40.000 €
o    KuboFit bat erostea. 40.000 €
o    Parkour parkea egitea. 40.000 €
o    Padel-pistak egokitu eta eraberritzea. 40.000 €
o    Gune digitala lana erakartzeko. 10.000 €
o    Oroipen-estatua bat: Andra Baserritarra umetxuagaz. 40.000 €

Parte hartzeko epea eta modua
Bi astez, maiatzaren 6tik 19ra, HAZen, Udal Kiroldegian eta Behargintzan kokatutako hautestontzietan aipatutako hamaika proiektuen artean bozkatu ahal izango dute mungiarrek. Baita Euskal Pizkundean jarriko diren karpetan maiatzaren 10ean, ostirala, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; maiatzaren 17an, ostirala, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara Euskal Pizkundean; eta maiatzaren 18an, larunbata, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara Euskal Pizkundean.

Beste aukera bat herritarrek parte hartzeko honako toki hauetan dauden postontziak izango dira: Ametzabide kalea (autobus geltokia); Basozabaleta aparkalekua; Bermeo bidea (autobus geltokia); Elordigane (autobus geltokia); Euskal Pizkundea etorbidea; Lauaxeta kalea; Laukariz bidea (autobus geltokia); Madalen bidea; Markaida bidea; eta Plentzia bidea (autobus geltokia).

Online ere eman ahal izango da botoa www.mungia.eus web orriaren bidez hurrengo estekan: https://udalonink.ibatuz.com/index.php/313413/lang-eu