Albisteak

Mungiako 2023ko Euskara Sariak ikasleei euskara transmititzen dieten eskola-jantokietako zaintzaileak omenduko ditu

Saria abenduaren 3an emango da, 19:00etan, Olalde Aretoan. Ekitaldian zehar Udalak Lauaxeta Olerki Lehiaketaren XVI. edizioko sariak ere banatuko ditu.

Datorren igandean, abenduak 3, Mungiako Udalak bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin, ohiko Euskara Saria emanez. Ekitaldia Olalde Aretoan izango da, 19:00etan. Aurten, ikasleekiko hartu-emanetan euskarari eusten dioten eskola-jantokietako zaintzaileek jasoko dute saria, "euskaldun belaunaldi berrien artean hizkuntza eguneroko esparru guztietan transmititzeko eta normalizatzeko konpromisoa eskertzeko. Izan ere, holako konpromisoa behar-beharrezkoa da euskarak hazten jarrai dezan eta gure egunerokoaren parte izan dadin modu naturalean", azaldu du Idurre Urresti Euskara zinegotziak.

Era berean, Udalak Lauaxeta Olerki Lehiaketaren hamaseigarren edizioko epaimahaiaren ebatziaren berri emango du eta sariak banatuko ditu. Lehiaketa honen gaia, urtero lez, Lauaxetaren olerki baten izenburua izan da, aurtengoa: “Badakit”.

Ekitaldian zehar herriko hainbat taldek eskainiko dute euren lanaren erakusgarritxo bat, tradizionalenetatik hasi eta egungoetaraino, tradizioa, musika eta euskal kultura ardatz hartuta. Bertan izango dira Taket Bertso Eskola, Miren eta Roberto Etxebarria eta Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako kideak.