Albisteak

Mungiak otsailaren 9tik 13ra inauteriak ospatuko ditu "80ko hamarkada" protagonista izanda eta Basatosteko irteera klasikoarekin

Mungiako Udalak eta herriko hainbat kultur taldek eta eragilek jende guztiarentzako ekintza ugari antolatu dituzte

Inauteriak asteburu honetan iritsiko dira Mungiara, egitarau zabalarekin, egun hauek jai giroan disfrutatzeko. Horrela, Mungiako Udalak eta herriko hainbat kultur taldek eta eragilek ekimen ugari antolatu dituzte otsailaren 9, 10, 11 eta 13rako, herriko kaleak kolorez, mozorroz eta giro onez betetzeko.

"Udalak, herriko kultur talde eta eragileekin elkarlanean, jende guztiarentzako hainbat jarduera prestatu ditu. Herri osoa Inauterietako protagonista sentitzea eta asteburuan zehar egingo diren ekintzetan parte hartzeko aukera izatea nahi dugu. Mungiar guztiak ekimen hauetan parte hartzera animatzen ditugu ", adierazi du Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak.

Publiko guztientzako programazioa egitaraua
Horrela, jarduera anitzeko egitaraua prestatu da, parte-hartzailea eta publiko orori zuzendua. Horrela, jaietako egitaraua ostiral arratsaldean hasiko da, 18:30ean, Gazteguneak hartuko duen Inauterietako Mozorro Osagarrien Tailerrarekin. 19:00etan, Euskal Pizkundeko etorbidetik, kalejira abiatuko da Amilotx Dantza Taldearen eskutik. Kalejira amaitutakoan, Euskal Inauterietako dantza tradizionalen ikuskizuna eskainiko dute, 19:45ak aldera, Euskal Pizkundeko etorbidean.

Larunbatean, hilak 10, arratsaldeko 18:00etan hasiko dira ekintzak, mozorrotutako koadrilen kalejirarekin eta animazioarekin. Kalejiraren ondoren, Oihan Vega DJaren eta bere diskofestaren txanda izango da 18:30ean Foruen Plazan. Festak 20:00etan jarraituko du, hainbeste espero izan den mozorro lehiaketarekin. Aurtengo gaia "80ko hamarkada" izango da, eta sari ugari banatuko dira: irabazleak 250 euroko bonua jasoko du herriko establezimenduetan gastatzeko, eta bigarrenak eta hirugarrenak 200 eta 150 euro, hurrenez hurren. Gainera, photocallean argazki bat ateratzeak 100 euro arteko saria izan dezake herriko dendetan gastatzeko.

Baina larunbateko jai egitaraua ez da hor amaitzen, izan ere, 20:30ean ostalariek ere VIII. ‘OSTALARIAK INAUTERIETAN’ lehiaketaren edizioa, ‘Macadame Farmer’ eta ‘Mac Jearas Band’ taldeen animazioarekin. Parte hartuko duten establezimenduak ELORDUI, ERLANTZ, EZ ESAN INORI, IZARRA, LANDETXO, RAMONTXU, SOLLUBE, TXOMIN ETA URGOITI izango dira. ‘Candi DJ’-k itxiko du eguna 22:00etan Foruen Plazan emango duen kontzertuarekin.

Urtarrilaren 11an, igandea, Txitxiburduntzi egunaren txanda izango da, Basatosteren irteerarekin. Hasiera 9:00etan izango da, Matxin Plazan, eta 10 kilometro inguruko ibilbidea egingo da landa-bideetan zehar, Gure Ametsa Txistulari Taldeak girotuta. Hamaiketako solidario klasikoaz ere gozatu ahal izango da. Informazio gehiago tallumendizale@hotmail.com helbidean.

Halaber, 13:00ak aldera, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako trikitilari, txistulari eta dantzarien emanaldia izango da. Ekitaldiaren amaieran, mungiarrek Lantz, Fandango, Jauziak eta Arin-Arineko inauteriak dantzatuko dituzte. Inauteriei buruzko egitaraua otsailaren 13an itxiko da, 17:30ean, Foruen Plazan, ‘Diskopuntx’ haurrentzako animaziozko ikuskizunarekin.