Albisteak

Mungiak, “Osasunaren alde” ekimenaren XVIII. edizinoa hartuko dau maiatzaren 9tik bagilaren 9ra

• Hilebete batean zehar, Mungialdeko Mankomunidadeko Adikzinoen Prebentzinorako Zerbitzuak osasunagaz erlazionautako hainbat jarduera antolatuko ditu

• Edizino honetan, aurton “Nerabeak eta Osasun Mentala” gaia izango dauen Osasunaren XII. Jardunaldia nabarmentzen da

Datorren astelehenetik, maiatzaren 9tik, aurrera, “Osasunaren Alde” programaren XVIII. edizinoa egingo da Mungian. Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunidadeko Adikzinoen Prebentzino Zerbitzuak barriro emongo deutso osasunari protagonismoa maiatzean eta bagilean. Horretarako, herritarren artean osasuna sustatzeko hainbat tailer eta jarduera programau ditu.

Alde batetik, DBHko 1. mailako ikasleek “KERIK BAKO GAZTEAK” ekimenaren hamargarren sari banaketa ekitaldia egingo dabe. Modu berean, Mungialdeko Kurutze Gorriak osasunari eta lehen sorospenei buruzko tailerrak emongo deutseez Mungialdeko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei. Beste alde batetik, maiatzaren 19an, barikuan, Gaztegunean TIK-TOK sare sozialaren erabilera egokiari buruzko tailerra emongo da, “Tik-Tok, musikatik harago” izenekoa, nerabeei zuzenduta.

Maiatzaren 26an, barikuan, 11:00etatik 13:00etara, informazino-stand bi instalauko dira Foruen Enparantzan: batetik, tabakoaren kontsumoa prebeniduteko gunea, Mungiako Osasun Zentroagaz lankidetzan, eta bestetik, odoleko glukosa maila neurtzeko gunea, Mungiako Diabetekide Alkarteagaz lankidetzan.

Osasunari buruzko XII. Jardunaldia, “Nerabeak eta Osasun Mentala”

Maiatzaren 30ean, Torrebillela Kultur Etxean, osasunari buruzko XII. Jardunaldia egingo da. Aurton, “Nerabeak eta Osasun Mentala” gaia jorratuko da. Goizeko 9:00etan hasiko da eta bost ordu eta lauren inguru iraungo ditu.

Jardunaldiak komunikazino gunea izan gura dau, nerabeen osasun mentalaren arazoaren diziplinarteko ikuspegitik. Esku-hartzeko hainbat eremutatik informazinoa emongo da, kolektibo horretan prebentzino lanaren eraginkortasuna hobetzeko. Horretarako, hezkuntzako, osasun mentaleko, komunikabideetako eta gai horregaz zerikusia daben alkarteetako adituek hartuko dabe parte.

Osasunari buruzko Jardunaldian parte hartu gura dabenek prebentzioa@mungialde.eus helbidera idatziz edo 94 404 77 07/747 414 274 telefono-zenbakira deituz emon daikie izena.

Modu berean, “OSASUNAREN ALDE” ekimenaren XVIII. edizinoaren programazinoak beste jarduera bigaz jarraituko dau bagilaren 9ra arte: maiatzaren 31n, Alex Txikon mendizalea Torrebillela Kultur Etxean izango da, bere esperientziak eta bizipenak ezagutarazoteko eta bizitzeko moduei buruz hausnartzeko. ‘Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak’ liburua aurkeztuko dau, dokumental bat ikusi ahal izango da eta ostean solasaldia egongo da. Azkenik, bagilaren 9an, Tabakorik Bako Familiako Lasterketaren XIX. edizinoa izango da.

TABAKORIK BAKO FAMILIAKO LASTERKETAren XIX. edizinoa

Bagilaren 9an, arratsaldean, TABAKORIK BAKO FAMILIAKO LASTERKETAREN XIX. edizinoa ospatuko da, Mungia Atletismo Taldearen, Mungia Saskibaloi Taldearen eta Kurutze Gorriaren laguntzeagaz. Lasterketea Euskal Pizkunde etorbidetik, Mungiako udaletxearen aurretik, abiauko da, eta adinaren araberako kategoria bi izango ditu.

Gainera, arratsalde osoan zehar, jolas eta kirol tailerrak eta jarduerak (altuera jauzia, luzera jauzia, lehen sorospenen tailerra, etab.) izango dira, arratsalde osasungarria eta jai girokoa igaroteko. Alde batetik, 18:00etatik 19:00etara, umeei zuzendutako “Makina Erretzailea” tailerra hasiko da. Beste alde batetik, 18:30etik 19:30era, herritar guztiei zuzendutako “Lehen Sorospenak” tailerra egingo da.

“Osasunaren ALDE” ekimenaren XVIII. edizinoaren programea Mankomunidadearen webgunean kontsultau daiteke: www.mungialde.eus.