Albisteak

Mungiak Korrikaren 23. Edizioa hartuko du

Datorren martxoaren 21ean, goizaldeko 4:00etan, Korrikaren 23. edizioak Mungiako kaleak zeharkatuko ditu. Ildo horretan, AEK-k, Mungiako Udalaren laguntzarekin, hainbat ekintza gauzatuko ditu martxoan zehar.

Horrela, Korrikak Mungian egingo duen ibilbidea honako hau izango da: Bermeo bidea - Sabino Arana - Gamiz bidea biribilgunea - Mastibarrena - Aita Elorriaga - Euskal Pizkunde Etorbidea - Trobika - Erribide - Elordugoitia - Zubiaga - Lauaxeta -Landetxo - Atxurizubiko zubia - Usandizaga Eresgile - Lauaxeta - Gatikarantz. Halaber, Korrika igarotzeko ordutegia dela eta, martxoaren 20an, 10:00etan, Korrika Txikia egingo da. Bertan, mungiar gazteenek ibilbide hau egingo dute: Olentzeroren Etxea - Atxurizubiko zubia - Ibaibide - Alkartasuna - Udaletxea - Trobika - Goietako biribilgunea - Sabino Arana - Gamiz bideko biribilgunea - Legarda futbol-zelaia.

‘Korrika kulturala’

Korrikarekin batera, AEK Mungiak, Udalaren laguntzarekin, "Korrika Kulturala" izeneko egitaraua antolatu du. Egitaraua martxoaren 1ean hasiko da, arratsaldeko 18:00etan Andra Marin, 3 eta 6 urte bitarteko umeentzako "Koloreetako etxetxoa!" antzerki musikal eta objektuekin. Arratsalde horretan bertan, 19:00etan, "Zirku tailerra" izeneko tailerra izango da Gaztegunean.

Martxoaren 2an, larunbata, "Magma Mia" bakarrizketa izango da 19:00etan Mugire Txokoan, eta martxoaren 3an "Mugi Zaitez" diskofestaren txanda izango da. Martxoaren 20ko Bertso-saioak amaiera emango die "Korrika kulturalaren" ekintzei. Ekitaldia Torrebillelan izango da 20:00etan eta bertan izango dira Miren Amuriza, Aitor Esteban, Asier Galarza eta Paule Loizaga.