Albisteak

Mungiak Gabonetako Haur Parkea irekiko du abenduaren 27an eta 28an udal pilotalekuan

Ordutegia goizez eta arratsaldez izango da, bi egunetan, eta sarrera doakoa izango da pertsona guztientzat

"Gabonetan Bizi Mungia" lelopean Gabonen inguruan antolatu dituen ekintzetan murgilduta jarraitzen du Mungiak. Neska-mutilek protagonismo berezia hartzen dute egun hauetan, eta ohikoa denez, Mungiako Udalak Gabonetako Haur Parkea irekiko du abenduaren 27an eta 28an (asteazkenean eta ostegunean) udal pilotalekuan. Ordutegia 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da 27an eta 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era 28an. Sarrera doakoa izango da.

Jarduera honetara bertaratzen direnek ludoteka bat, puzgarriak, ohe elastikoak, bideojokoen gune bat, haurrentzako tailerrak eta haurrei zuzendutako beste hainbeste aukera izango dituzte. Gainera, abenduaren 28an, diskofesta bat antolatu da DJ Pako eta Iosurekin, eta bertan dauden pertsona guztiak haur eta gazte kanturik berrienekin dantzan jarriko dituzte.

Alaitz Erkorekak, Mungiako alkatea: "datozen bi asteetan haur mungiarrak eta Mungialdeko guztiak oporretan egongo dira, eta Udaletik beste aukera bat eskaini nahi diegu Eguberriez gozatzeko aukera izan dezaten, familian edo koadrilan. Azken batean, eurak dira Gabonetako magia intentsitate handiagoz bizi dutenak, eta, beraz, modu batera edo bestera, protagonista nagusi bihurtzen dira".

Uraren jaia udal kiroldegian

Mungiako udal kiroldegiak ere bat egiten du Mungiako Udalak Gabonetan antolatu dituen jarduerekin. Alde horretatik, abenduaren 27an Uraren Jaia ospatuko da, uretako puzgarriak eta igerileku sakoneko eta txikiko jolasak egiteko. Haurrak 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara sartu ahal izango dira.

8 urtetik beherakoek 18 urtetik gorako arduradun batekin joan beharko dute. Gainera, segurtasun arrazoiengatik, igeri arin egiten ez dutenak ezin izango dira igerileku sakonera sartu.