Albisteak

Mungiak Euskal Liburu eta Disko Azoka hartuko dau martiaren 24tik apirilaren 2ra

-Aurtengo gai nagusia ‘emakumea eleberrien protagonista' izango da

Mungian, 2023ko martiaren 22an. Beste urte batez, Euskadiko Liburu Ganberak Mungiako Udalagaz, Euskadiko Editoreen Elkarteagaz, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailagaz lankidetzan antolatuta, Mungiak Euskal Liburu eta Disko Azoka hartuko dau Matxin plazan martiaren 24tik apirilaren 2ra. Hamalau erakusketari izango dira Euskadiko Liburu Azoka Ibiltarien lehen kanpaina osotuko dabenak, liburu-denda, argitaletxe, banatzaile eta erakundeen parte-hartzeagaz. Mungian hasiko dira Euskal Autonomia Erkidegoan zehar egingo diran hamalau liburu azokak. Ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era izango da.

Holan, aurtengo azokako gai nagusiak emakumea, eleberrien protagonista lez, eta euskal emakume idazleak izango dira. Liburu eta disko barrien eta aukerako liburuen salmentak % 10eko deskontua izango dau. Azken nobedadeen artean, Olatz Mitxelenaren ‘Arrain hezur bat gargarria', Leire Bilbaoren ‘Etxeko urak', Iñaki Irasizabalen ‘Otsoa etorriko da', Aintzane Usandizagaren ‘Zomorrotu', eta Jon Arretxeren ‘Lyrica garaia' egongo dira, besteak beste. Ume eta gazte literaturan, Toti Martínezen ‘Nur eta espazio-ontzia' eta hainbat argitaletxeren ume eta gazte bildumak aurkitu ahal izango dira. Gaztelerazko literaturari jagokonez, Elvira Lindo, Albert Espinosa eta Rosa Montero, eta Luz Gabás eta Cristina Campos 2022ko Planeta Sariaren irabazleen lanak be erosi ahal izango dira. Diskoen eskaintza be askotarikoa izango da: Izaro, Olatz Salvador, Neomak, Fermin Muguruza, Mikel Laboa, Arima Soul...

Eskaintza kulturalaz gan, edizino honetan "Basa" bere liburuari buruz berba egingo dauen Miren Amurizaren berbaldia izango da martiaren 31n arratsaldeko 19:00etan Torrebillelan. Modu berean, ohikoa danez, asteburuetan bertako idazleen sinadurak izango doguz, Javier Sagastiberri, Elena Peña Bilbao, Miren Palacios eta Beñat Arginzonizenak, besteak beste.