Albisteak

Mungiak Bitxikiak-en Bildumazaletasun Azokearen 19. edizinoa hartuko dau

Apirilaren 15ean eta 16an egingo da, kiroldegian eta Legardako eskola-gunean, eta umeen eta gazteen bildumazaletasunari buruzko berbaldiak, mahai-inguruak eta erakusketak jasoko ditu

Bitxikiak alkarteak eta Udalak antolatutako Bildumazaletasun Azokearen 19. edizinoa apirilaren 15ean eta 16an itzuliko da Mungiara. Zalantzarik barik, bildumazaletasunaren munduko hitzordurik garrantzitsuenetakoa da, eta udal kiroldegian eta Legardako eskola gunean gozau ahal izango da, zapatuan, hilak 15, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta domekan, hilak 16, goizeko 10:00etatik 14:30era. Azpimarratzekoa da aurton arreta berezia eskainiko jakela gazteenei, bildumazaletasunagaz, maketakaz eta jokoakaz erlazionautako zaletasunek protagonismo handia izango dabelako Azokan.

Holan, LEGOren dioramen erakusketa zabala egongo da, eta hainbat eraikin eta agertoki egongo dira antolatuta. Agruntek, barriz, zehaztasun handiz egindako trenaren maketa ikusgarria aurkeztuko dau. EuskoPlayren eskutik, moeta guztietako paisajeak eta jarduerak batzen dituen dioramez gozau ahal izango da. Panpinen etxeek presentzia handia izango dabe. Umeen eta gazteen bildumazaletasunari buruzko berbaldiak, mahai-inguruak eta erakusketak be izango dira.

Horrez gain, Bitxikiak-en erakusketa ezagunak be ez dira faltako. Edizino honetan, Mungiako alkarteak Indiako jainkoei buruzko erakusketa bat antolatuko dau. Jainko horreek izango dira zapiak, lurrunak, kaxak, lurreko globoak, panpinak, kirol materiala, tankeak, EXIN gazteluak, modelismoa, eskalako kamioiak, mahai gaineko errotatxoak, josteko makinak eta abar batuko dituan sekzinoko buruak. Taket alkartearen esku dagoan Mungiako Bertso Eskolak be izango dau protagonismoa, bere historiari buruzko atzera begirako erakusketeagaz, alkartearen 25. urteurrena dala eta.

Beste alde batetik, ohiko Erosketa-Salmenta sekzinoak ordezkaritza zabala izango dau. Bildumazaleen alkarteek euren jarduera sustau ahal izango dabe azokan. Ganera, Trukerako atalak aulkiak eta mahaiak izango ditu, egotaldia erosoagoa izan daiten. Aitatutako guztiaz gan, domekan, automobilismoa gustuko dabenek arlo horretako elementu berezienez gozetako aukera izango dabe Legardan; izan be, ingurune horretan auto klasikoen kontzentrazinoa egingo da. Moeta desbardinetako ibilgailuak ikusteaz gan, herrian zehar desfilea be egingo da. Ez dira bisitarientzako zozketak eta opariak faltauko.