Albisteak

Mungiak Bilboko Euskal Museoko "Euskal kulturaren nazioarteko atea" erakusketa ibiltaria hartzen du

Gaurtik, abuztuaren 18tik, irailaren 18ra bitartean bisitatu ahal izango da Torrebillela Kultur Etxearen kanpoaldean, 9:00etatik 14:00etara.

Mungiak "Euskal kulturaren nazioarteko atea" erakusketa ibiltaria hartzen du, Bilboko Euskal Museoak antolatuta, gaurtik, abuztuaren 18tik, irailaren 18ra bitartean, Torrebillela Kultur Etxearen kanpoaldean. Erakusketa 20 panelek osatzen dute, Bilboko erakundearen etorkizuneko informazio arkitektoniko eta museografikoarekin. Joan den ikasturtean hasi zuen ibilbidea Bizkaiko hainbat udalerritan. Inaugurazioan izan dira Nagore Torre, 1. Alkateordea, eta Leire Bilbao, 2. Alkateordea, Sorkunde Aiarza Bilboko Euskal Museoko zuzendariarekin batera.

Idurre Urresti Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak honako hau adierazi du: "erakusketa hau Mungiara hurbiltzeko helburua ez da soilik bertako jendeak Euskal Museoaren proiektua eta bilduma ezagutzea, baizik eta mungiarrek eta bisitatzen gaituzten turistek euskal kulturaz gozatzeko gune bat hurbiletik ikusi ahal izatea".

Horrela, Mungian gozatu ahal izango diren piezen aukeraketa irizpide bikoitzarekin egin da. Alde batetik, Bilboko Euskal Museoan ikusgai egongo den erakusketa erdiiraunkorraren hautaketaren zati txiki bat aurreratu nahi izan da. Bestalde, bilduma osatzen duten funtsen aniztasuna eta aberastasuna erakutsi nahi izan da, garai, testuinguru eta gizarte-esparru desberdinak islatzen dituen aukeraketa bat eginez, artzaintza-kulturatik hasi eta industrializaziotik eratorritako burgesiari dagozkion piezetaraino.