Albisteak

Mungiak bere jatorria gogoratuko du Lore Jokoak ekimenean "Mungia 1900, herri bakarra gara" antzerki herrikoiaren emanaldiarekin

Udalak, herriko hainbat elkarte eta talderekin batera, udalerriko bizitza soziala eta ohitura tradizionalenak irudikatzen dituzten jarduerez beteriko programa antolatu du. 

Mungiak kultura eta tradizioa uztartuko ditu berriz ere datorren igandean, urriak 29, Lore Jokoak ekimenarekin. Mungiako, eskualdeko eta Bizkaia osoko egutegian ezinbesteko hitzordua bihurtu da. "Mungia 1900, herri bakarra gara" da edizio honen ospakizuna kokatzeko proposatu den leloa, eta hurrengo urteetan ere mantenduko da, 1900. urtean Mungiako Hiribilduaren eta Elizatearen elkartzearen jatorriak gogoratzeko. Mungiarren gertaera historiko eta identitarioa izan zen, eta gaur egun ezagutzen den udalerriaren hasiera izan zen.

2005ean Lore Jokoak ekimenaren lehen edizioaz geroztik urtero bezala, herri ekimen honek Mungiako hainbat elkarte eta kolektiboren partaidetza du, Udalarekin batera beren borondatez egun honetan garatzen diren jarduerak antolatzen dituztenak. "Horixe da, hain zuzen ere, Lore Jokoak ekimenaren aberastasun handia, erabat parte-hartzailea baita. Bertan, adin eta kezka desberdinetako pertsonek parte hartzen dute, bai jarduerak prestatzen, bai eguna bera antzezten, jantzi tradizionalekin eta gureak diren eszenaratzeekin. Oraingoan, XX. mendearen hasierara bidaiatuko gara, 1900era arte, eta mungiarren nortasuna definitzen duen une historiko garrantzitsuenetako batean jarriko dugu arreta ", azaldu du Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak.

Lore Jokoak jaialdiaren hamazazpigarren edizio hau Mungiako bizitza sozialaren eta ohituren isla izango da, musikaz, euskal dantzaz, bertsolariz, antzerki herrikoiz eta gastronomiaz beteriko programazioarekin, besteak beste. Eguna 11:30etan hasiko da, txalapartaren ohiko deiarekin, Udaletxearen bidegurutzetik, eta kalejirarekin, Landetxotik, Atxurizubi, Usandizaga, Lauaxeta, Errekatxu, Ibaibide eta Alkartasunetik pasatuz, Foruen plazara iritsi arte 12:00etan, Herria Dantzan ekimenari hasiera emateko. Bertan nahi duten pertsona guztiek dantza egin ahal izango dute. Ondoren, Foruen plazan, hainbat emanaldi tradizional egingo dira: erroskila postua, baratxuri zopa dastatzea, talo tailerra, esne-saltzaileen eszena, etxeko erremedioak eta Landetxo Goikoaren erreprodukzioa, udalerriko ondare ikono nabarmena eta identitarioa, hain zuzen.

Andra Mari plazan, 12:00etan, bertsolaritza tailerra egongo da bere printzipiio basikoak ikasteko aukerarekin. Matxin plazan, 13:00etan, Barberu dantza, sokatira eta “Mungia 1900, herri bakarra gara” antzezlan herrikoia izango dira.

Lapiko solidarioa Dravet Desafioaren alde

Eguneko hitzordu gastronomikoa Euskal Pizkunde etorbidean izango da eta babarrun jate solidarioaz gozatu ahal izango da. Tiketak 12:00etatik aurrera egongo dira salgai eta indabak 14:00etatik 15:00etara banatuko dira. Txartela salmentarekin bildutako guztia Dravet Sindromea izeneko gaixotasun arraroa duen gazte bat duen familia mungiar batek sortutako Desafía Dravet elkartearentzat izango da. Elkarte horren bidez, kaltetutako haurren bizi-kalitatea hobetu nahi da, bai eta sendabidea lortzeko ikerketa-proiektuak sustatu ere.

Udaletxeko bidegurutzean Atxuriko Eskota eta Mungiako Eskotak argazki erakusketa egongo dira.

15:30ean, Juan XXIII plazan, Baserritarren Jolasak izango da, eta Euskal Pizkunde Etorbidean, 17:00etan, Bertso Saioa, Jone Uria eta Andoni Egañaren eskutik. Eta jaiaren amaiera gisa, Matxin plazan, Euskal Errromeria.

Mungiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Lore Jokoak programaren prestaketan eta eszenaratzean parte hartzen duten tokiko elkarte eta kolektibo guztiei: Gure Ametsa Txistulari Taldea, Amilotx Dantza Taldea, Atxuriko Auzo Elkartea, Emerandoko Auzo Elkartea, Udal Musika eta Dantza Eskola, Taket Bertso Eskola, Mungia Igeriketa Taldea, Antzineko Elkartea, Mungian Euskeraz Elkartea, MAE Mungialdeko Antzerkizale Elkartea, Sociedad de Caza, Tiro y Pesca, Diz-Diz Emakumeen Elkartea, Bitxikiak Bildumazale Elkartea eta Jose Mari Arregi Abesbatza.

Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu Lore Jokoak egiten modu aktiboan parte hartzen duten pertsona guztiei.