Albisteak

Mungiak bagilaren 25ean ospatuko dau Baserritarren Eguna

Nekazaritzako elikagaien salmentarako 30 postu baino gehiagok eta herrian zehar banatutako 5 txosnak osotuko dabe aurtengo azokea

-Nekazaritzako elikagaien salmentarako 30 postu baino gehiagok eta herrian zehar banatutako 5 txosnak osotuko dabe aurtengo azokea

-Beste jarduera batzuen artean, aitatzekoak dira Bizkaiko Betizu ganadu lehiaketea, bertako animalien eta animalia exotikoen erakusketea eta jardunaldia itxiko dauen bertako musika alkarteen kontzertua 

Mungiak Baserritarren Eguna ospatuko dau bagilaren 25ean, San Pedro jaiei bide emoten deutsen nekazaritzako elikagaien azoka tradizionala. Mungia inguruko herrietako nekazaritzako elikagaien 36 postuk eta 5 txosnak osotuko dabe aurtengo azokea. Bertan, besteak beste, gaztak, txakolinak eta eztia erosi ahal izango dira. Eguna musikaz girotuta egongo da, eta hainbat jarduera egongo dira, Bizkaiko Betizu ganadu lehiaketea, bertako animalien eta animalia exotikoen erakusketea edo jardunaldia itxiko dauen bertako musika alkarteen kontzertua, besteak beste.

Baserritarren Eguneko programazinoa

Holan, goiz osoan zehar nekazaritza azoka tradizionala bisitau ahal izango da, nekazaritzako elikagaien erakusketa eta salmenteagaz, baita onddo eta perretxikoen beste erakusketa eta dastaketa bat be, Mungiako Mikologia Elkartearen eskutik Andra Mari kalean, Jon XXIII plazan eta Gamiz bidean. Animazinoa Miren, Idoia eta Roberto Etxebarriaren Trikitixaren eskutik etorriko da, Gure Ametsa Txistulari Taldeagaz batera. Modu berean, Torrebillela parkean, Bizkaiko Betizu ganadu lehiaketea egingo da. Horren sari banaketea 13:00etan izango da. Bertako animalien eta animalia exotikoen erakusketak osotuko dau eskaintzea.

Horrez gan, minbiziaren kontrako alkarteak Diz-Diz Mungiako Emakumeen Elkartearen laguntzeagaz antolatu dauen diru-bilketarako gune bat be egongo da, baita Gizaberri Elkartasun Taldeak antolatutako bigarren eskuko liburuak saltzeko gunea eta Mungart Elkarteak antolatutako artisautza azokea be. 12:00etan, Matxin plazan, Herri Kirolen erakustaldia izango da. Bertan, emakumezkoen eta gizonezkoen Euskadiko trontza eta gurdi Txapelketea egongo da jokoan. Ostean, 13:00etan, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amilategi eta Izaro Bilbao bertsolari eta trikitilariak txosnetatik abiauko dira Mungiako kaleak girotzera.

Azkenik, Baserritarren Egunari amaierea emoteko, Alaiak Mungialdeko Soinulari Elkarteak, Gure Ametsa Txistulari Taldeak, J.M. Arregi Abesbatzak eta Tantak Koralak kontzertua eskainiko dabe Matxin plazan, 19:00etan.