Albisteak

Mungiak azaro osoan zehar egingo diren ekitaldien bitartez ekarriko du gogora Emakumeek Jasaten duten Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna

Udalak indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena adieraztera animatu ditu mungiarrak, puntu lila baten ondoan emakume bat eta gizon bat agertzen diren irudiaren bidez, horrela gizarte osoaren inplikazioa sinbolizatuz, konpromiso sozialaren mezua partekatuz.

Azaroaren 25ean Emakumeek Jasaten duten Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Mungiako Udalak bat egingo du egun horrekin hilabete osoan zehar egingo diren hainbat jardueraren bitartez. Horien bidez, genero-indarkeriak gizartean duen larritasunaz eta indarkeria horri maila instituzionalean ez ezik, modu kolektibo eta pertsonalean ere heltzeko beharraz hausnartzera gonbidatu gura dira mungiarrak.

Emakumeen ahalduntzea gizarteak aurrean duen ikasgai nagusietakoa da, eta nerabezarotik gizarte-kontzientzia lortzea funtsezkoa da indarkeria matxista murrizteko. Horrela, Udalak autodefentsa feministako tailer bat jarri du abian 11 eta 15 urte bitarteko neskentzat, nesken artean ere “naturalizatuta” dauden jokabide matxistak identifikatzeko eta hautemateko. Urriaren 10ean eta 17an izango da, 17:00etatik 20:00etara, udaletxeko erakusketa aretoan. Parte hartu ahal izateko amaren edo aitaren baimena behar da eta berdintasuna@mungialde.eus helbidean edo 747 414 272 telefono-zenbakian eman beharko da izena.

Jardunaldietan, parte-hartzaileek jazarpen- eta indarkeria-egoeretan erreakzionatzeko estrategiak ikasiko dituzte, autoestimua indartuz eta segurtasun arduratsua landuz.

Azaroaren 22an, Udalak "Zelan erabiltzen dute gure seme-alabek pornografia?" izeneko hitzaldia antolatu du. Erakusketa aretoan izango da, 19:00etan, eta pornografiaren gehiegizko kontsumoak adingabeengan sortzen dituen sexu-jokabide oldarkorretan sakondu gura duten helduei zuzenduta dago. Gainera, horrelako kasuak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko dauden tresnei buruz hausnartuko da.

Azaroaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Torrebillela Kultur Etxean, “Badarraigu” Berdintasunera arte izeneko bertsolaritza saioa egingo da. Antolatzaileek gaztelaniarako bat-bateko itzulpena eskainiko dute, parte-hartzea errazteko.

Azaroaren 25ean bertan, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, egun hori aldarrikatzeko Udalaren bandoa plazaratuko da. 19:30ean elkarretaratze isila egingo da udaletxearen aurrean, indarkeria matxistaren aurka eta biktimen eta bizirik irtetea lortu duten emakumeen alde.

Hurrengo egunean, azaroaren 26an, Diz-Diz Emakumeen Elkartearen antzerki tailerraren Tu+Yo=es 2023 “El silencio no calla” antzezlana hartuko du Olalde Aretoak. Ondoren, "Mungian Beldur Barik" lehiaketaren sariak banatuko dira. Gogorarazi behar da lanak aurkezteko epea bariku honetan, azaroak 10, amaituko dela eta parte hartzeko oinarriak www.mungia.eus webgunean argitaratuta daudela.

Azaroaren 25aren inguruko ekimenekin amaitzeko, abenduaren 1ean, Udalak tratu onei eta ligatzeko moduei inguruko jolas-partehartzaileak eta HIESa prebenitzeko buruzko saioa antolatu du, HIESaren aurkako Borrokaren Munduko Egunarekin bat eginez. Gaztegunean izango da 18:30etan eta gazteei zuzenduta egongo da.

Udalaren konpromisoa indarkeria matxistaren kontra

Mungiako Udalak dei egin die Mungiako herritar guztiei indarkeria matxista gaitzesteko jarrera erakutsi dezaten, Udalak 2022an banatutako irudia duten banderak balkoietan eta fatxadetan jarriz. Bertan, emakume bat eta gizon bat puntu lilaren ondoan agertzen dira, gizarte osoaren inplikazioa sinbolizatuz eta konpromiso sozialaren mezua partekatuz. Gainera, ohikoa denez, Matxin plazan dagoen M-a (mungiarren identitatea sinbolizatzen du) morez forratuko da eta gauean udaletxeko fatxada ere morez argiztatuko da.

Bakarne Egia alkateordeak eta Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa da pairatzen ari garen eta desagerrarazi behar den gaitz horri aurre egiteko. Udalaren konpromisoa egunerokoa da, ez egun jakin batekoa bakarrik. Berdintasun Planaren bidez gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren kontra borrokatzeko eta emakumeek jasaten duten jazarpenaz eta indarkeriaz pertsona guztiak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko hainbat ekintza gauzatzen ditugu urte osoan zehar”.