Albisteak

Mungia vuelve a tomar parte en el programa 'Vacaciones en paz 2023'

Adingabe sahararrei basamortuko baldintza zailetatik kanpo bizitzeko aukera eskaintzea, baita elikadura orekatuaren eta azterketa medikoen bidezko...

Mungiak ‘Oporrak Bakean 2023' programan parte hartuko du berriro
 
-Adingabe sahararrei basamortuko baldintza zailetatik kanpo bizitzeko aukera eskaintzea, baita elikadura orekatuaren eta azterketa medikoen bidezko laguntza ere dira ekimenaren helburuak
 
Mungia, 2023ko otsailaren 28an. Duela bi hamarkada baino gehiagotik ohikoa den bezala, Mungiak Fronte Polisarioak Euskadin duen Ordezkaritzak antolatutako "Oporrak Bakean" programan parte hartuko du. Ekimen honen bidez, saharar errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren neska-mutilei aukera ematen zaie uztailean eta abuztuan bizi diren tokitik ateratzeko eta mungiar familiekin batera beste errealitate bat ezagutu ahal izateko.
Horrela, 8 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago programa, errefuxiatuen kanpamentuetan jaio eta hazi direnak eta, familiekin batera, erbestealdi luzea jasaten ari direnak. Bakarne Egiak, Mungiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak, ohartarazi duenez, "ekimen honen helburua da adingabeak udako hilabeteetan basamortuko baldintza zailetatik aldentzea, hala nola 55ºC-tik gorako tenperaturetatik, hondar-ekaitzetatik eta abarretatik. Gainera, haien osasuna hobetzea da helburua, elikadura orekatuaren bidez, egunean bost otordu hartuz, elikagai freskoak, barazkiak, fruta, proteinak. Era berean, oinarrizko azterketa medikoak egiten dira eta kanpalekuetan detektatzen eta tratatzen zailak diren osasun-arazoak artatzen dira: ikusmen-arazoak, entzumena, aho-hortzen osasuna".
 
Horrez gain, programak erraztu nahi du haur sahararrek kultura eta hizkuntza berri bat ezagut dezaten, baita babes-eremuetakoaz bestelako errealitate bat ere, herritarrak Mendebaldeko Sahararen eta Saharar Herriaren egoeraz sentsibilizatuz eta saharar gizartearen eta euskal gizartearen arteko hurbilketa sustatuz.
Iraganean
 
2000. urteaz geroztik, Mungia programa honetan parte hartzen ari da. Zentzu horretan, Udalak bere gain hartzen du udalerrira datozen haurren bidaien kostua, eta, gainera, doan sartzen dira Udapasak programara, bai eta kiroldegiko kanpoko igerilekuen erabilera ere, bai beraientzat, bai harrera-familietako haurrentzat.
Harrera-programa honetan parte hartzea eskatzeko epea martxoaren 31ra arte luzatuko da. Informazioa nahi izanez gero edo udan haur saharar bat hartzeko interesa izanez gero, 94.655.87.14 telefonora deitu edo gizartekintza@mungia.eus helbide elektronikora idatzi behar da.