Albisteak

Mungiak Emakumeen Nazinoarteko Eguna aldarrikatuko dau martian, ekitaldiz betetako programazinoagaz

Udalak, herriko hainbat taldegaz lankidetzan, jardueraz beteta egongo dan eta persona guztientzat izango dan programea proponidu dau. Martiaren 7an...

Mungian, 2023ko martiaren 3an. Emakumeen bardintasunaren, parte-hartzearen eta ahalduntzearen aldeko burrukea gizartearen arlo guztietan aldarrikatzeko asmoz, martiaren 8an, urtero lez, Mungiako Udalak, herriko hainbat taldegaz lankidetzan, hainbat jarduera eta omenaldi egingo ditu herrian. Holan, programazinoa ez da egun horretara mugatuko, eta marti osoan zehar jarraituko dau, mungiar guztientzat, adin txikikoentzat zein helduagoentzat, hainbat ekimenen bidez, kausari babesa eta ikusgaitasuna emoteko.
 
Ager Izagirre Mungiako alkateak adierazo dauenez, "ezin zan beste modu batera izan, Mungiak bat egiten dau Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz, herritarrak jardunaldi honen garrantziaz kontzientzietako eta sentsibilizetako asmoz. Udalak, Mungiako kolektiboakaz alkarlanean, hilebete osoan zehar gauzatuko dan oso programazino betea antolatu dau. Eskerrak emon gura deutsedaz programa zabal hau egiteko aukera emon daben bertako behargin eta eragile guztiei. Badakigu oraindino bidea dagoala egiteko eta emakume guztien eskubideak aldarrikatzeko beharrezkoak diran pausuak emoten jarraituko dogu ".
 
Holan, programazinoa martiaren 4an hasiko da, Torrebillelan martiaren 30era arte ikusgai egongo dan Karina Senatoreren "La piel desnuda. La alopecia femenina" irudien erakusketeagaz. Martiaren 7an, martitzenean, ‘Simone, la Mujer del Siglo' filma proiektauko da 20:00etan Olalde Aretoan. Sarrerek 2 euro balioko dabe. Martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Egunean, udaletxea morez tindauta egongo da Mungian. Goizean Udal Bandoa argitaratuko da eta arratsaldean, 20:00etan, mungiarrak Mungialdeko emakume alkarteek eta talde feministek udaletxearen aurrean deitutako kontzentrazinoan parte hartzera hurbildu ahal izango dira.
 
Martiaren 8aren ondorengo egunetan omenaldiek eta ekitaldiek jarraipena izango dabe. Hilaren 10ean, 9:00etan, emakume baserritarrei omenaldia egingo jake Andra Marin, eta bertan lorak eta txokolatea banatuko jakez protagonistei. Eguerdian, emakumeen Diz-Diz alkarteak, udalagaz batera, emakumeen herri bazkaria antolatu dau, eta bertan dantzaldiak eta sari banaketa egongo dira. Egun berean, 18:00etan, 6 urtetik gorako umeek zein nerabeek Udaletxeko Erakusketa Aretoan egongo dan Escape Rooma izango dabe. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena emotea, berdintasuna@mungialde.eus helbidera mezu elektronikoa bialduz edo 747.414.272 zenbakira WhatsApp-a bialduz. Jarduera hori martiaren 11n, zapatuan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara be egin ahal izango da, baita martiaren 12an, domekan, 12:00etatik 14:00etara be. Egunari Tallu Mendizalek emongo deutso amaierea ‘Emakumea eta Mendia' berbaldiagaz 19:00etatik 21:00etara Torrebillelan.
 
Jarduerak ez dira asteburuan etengo. Zapatuan, hilak 11, 18:30etik 20:00etara, Mungiako gazteek Gaztegunean antolatuko dan Emakumea eta Artea Tailerrean parte hartu ahal izango dabe. Bertan, Frida Kahloren irudia marraztuko da boltsatan, estandarte feministak egingo dira, eta iragazkiakaz haren buruko lora mitikoak sortuko dira. Beste alde batetik, domekea Mungiartek antolatutako Emakume Artisauen Azokeagaz hasiko da. 19:00ak aldera, Txalo Produkzioakek "Sagastitarrak" antzezlana interpretauko dau Olalde Aretoan. Antzezlan horren gaia lehenengo abizena amaren abizenagaitik aldatzea erabaki dauen Sagasti familia burgeseko alabeari buruzkoa da. Sarrerak 10 euroko prezioa izango dau.
 
Jarduerak marti osoan zehar
 
Mungiako Udalak hainbat jarduera eskainiko ditu hurrengo egunetan be bertara hurbildu gura daben mungiarrentzat. Zapatuan, hilak 18, 18:30etik 20:00etara, beste tailer bat egingo da Gaztegunean, emakume garrantzitsuen arpegiekin brotxeak egiteko. Modu berean, martiaren 24tik apirilaren 2ra bitartean, ‘Euskal liburu eta diska azoka' egingo da Matxin Plazan. Azokako gai nagusia emakumea izango da, eleberrien protagonista lez. Miren Amurizak emongo deutso amaierea Emakumeen Nazinoarteko Egunari, martiaren 31n 19:00etan Torrebillelan egingo dan Euskal liburu eta diska azokaren barruan emongo dauen berbaldiagaz.