Albisteak

Mungiak Santa Ageda bezperea tradizionala ospatuko dau

Ikastetxe guztietako ikasleak, bai eta J.M Arregi Abesbatza be, kaleak animatzera urtengo dira zezeilaren 3an eta 4an jai hori ospatzeko

Mungian, 2023ko zezeilaren 1ean. Zezeilean egin ohi dan lez, Mungiak Santa Ageda bezpereako jai tradizionala ospatuko dau zezeilaren 3an eta 4an. Holan, herriko kaleak, Santa Agedako kantu tradizionalak abestuko dituen hainbat taldez beteko dira.
Barikuan, hilak 3, taldeak goizetik hasiko dira; izan be, 10:00etatik aurrera, Mungiako ikastetxeetako –Bentades, Mungia BHI, Larramendi, Laukariz eta Legarda– ikasleak udaletxera joango dira kantetan, eta, ostean, txokolatadea izango dabe. Guztira, adin guztietako 600 ikasle inguru urtengo dira, bakotxa bere ikastetxetik, ordutegi mailakatuan, herriko hainbat lekutatik Santuari kantaldiak eskaintzeko. Ikasle talde bakotxak ibilpide desbardina egingo dau.
Lehenik eta behin, Laukarizko ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak abiauko dira. 9:30ean, Goietako plazan hasiko dabe ibilpidea. Gero, 10:00ak aldera udaletxera iritsiko dira, eta bertan kantau eta gero Juan XXIII plazatik jarraituko dabe, Butroi kaletik, Lauaxetaren eskultura dagoan plazatik, Txistularien Plazan amaitzeko. Puntu horretan, La Bilbaína Gizarte Etxera hurbilduko dituan autobusa hartuko dabe, eta bertan eskainiko dabe azkenengo kantua. Modu berean, Legarda Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako 280 ikaslek Sabino Arana kalean hasiko dabe ibilpidea, Aita Arrupe kaletik jarraituko dabe eta Udaletxearen alboan abestuko dabe 10:30ak aldera. 11:15ak aldera, Larramendi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 1. mailako 76 ikaslek kantauko dabe, aurretik ibilpide hau egin eta gero: Txistularien Plaza, Lauaxeta Olerkaria kalea eta San Jose Etxe-Alai Egoitza.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek be parte hartuko dabe jai tradizional honetan: DBHko 2. mailako Bentades Ikastetxeko 15 ikasle eta Mungia Institutuko DBHko 1. mailako 100 ikasle inguru 11:45ean eta 12:30ean helduko dira udaletxera, hurrenez hurren, Mungiako udalerriko gune estrategikoetan kantuan ibilpide luzea egin ostean.
Zapatuan, zezeilak 4, arratsaldez, herriko alkarte zaharrenetako baten txanda izango da. 70 urteko ibilpidea dauen J.M. Arregi Abesbatza. Alkarteko kideek ibilpide polita egingo dabe kaleetan zehar, herritarren gozamenerako. Ibilpidea 19:00etan hasiko da, eta hainbat geldialdi egingo ditue, Santa Ageda bezperako abesti tipikoen errepertorioa abestuz, zapatuetan ordu tarte horretan jente gehien ibilten dan lekuak girotuz.