Albisteak

Olalde Aretoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko

Mungiako Udalak 485.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Olalde Aretoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko

Mungiako Udalak 485.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Olalde Aretoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko
• Esku-hartzearen helburua, lehendik dagozan fatxadak eta estalgia eta erdisotoko solairuko sabaia birgaitzea eta isolamendu termikoa gehitzea izan da
• Udalak esku-hartze horretarako bideratutako inbertsinoa 485.195,08 eurokoa izan da, BEZa barne
• Ganera, 2022ko hasieran, Udalak 200.000 euro baino gehiago inbertitu ebazan Olalde Aretoan gela barri bi gaitzeko, udal ekipamenduen modernizazinoaren aldeko apustuaren barruan
• Energia-eraginkortasuna hobetzeko konpromisoan, Udalak udalerriko hainbat lekutan LED argiztapena ezarteko lanean jarraitzen dau
Mungian, 2023ko zezeilaren 23an. Mungiako Udalak 485.195,08 euroko inbertsinoa egin dau (BEZa barne) Olalde Aretoaren inguratzaile termikoa barritzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketetan. Esku-hartze horri esker eraikinaren kanpoko itxura be barritu ahal izan da. Lanak amaitu dira.
Olalde Aretoko esku-hartzea Mungiako Udalak udal eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko egin dauen apustu sendoaren parte da. Holan, aldaketa horreek eraikinaren barrukaldeko tenperatura eusten lagunduko dabe, eta energia-kontsumoa nabarmen aurreztea ahalbidetuko dabe.
Ager Izagirre Mungiako alkateak Olalde Aretoa lako eraikinen zaintzaren garrantzia azpimarratu dau: "Mungiarrek udal instalazinoez ahalik eta egoerarik onenean gozau ahal izatea gura dogu eta horren alde lan egiten jarraituko dogu".
Egindako obran fatxaden eta estalgiaren inguratzailea eta erdisotoko solairuko sabaia birgaitu dira. Fatxadak birgaitzeko, fatxada aireztatuko sistema aukeratu da, plaka portzelanikoakaz eta isolamendu termiko-akustikoagaz; estalgia birgaitzeari jagokonez, egungoa barriztau da, eta isolamendu termiko-akustikoa jarri da, xafla iragazgaitz eta transpiragarriagaz.
Beste alde batetik, estalgian zuloak edegi dira, hiru sabai-leiho jarteko, lehen solairuko bulegoak argi naturalez eta aireztapenez horniduteko. Erdisotoko solairuaren goiko forjauan beste isolamendu bat jarri da. Sistema horren helburua hezetasun-, klimatizazino- eta akustika-arazoak zuzentzea da, eraikinaren portaera termiko-akustikoa eta barruko erosotasun-sentsazinoa hobetuz.
Arotzeriari jagokonez, eraikineko leiho guztien ordez kristal hirukotxeko leiho barriak jarri dira; eta erdi-sotoko fatxada, teilatuko hegalak eta kanpoko ateak baltzez margotu dira, eraikinaren estetika barriagaz harmonizetako.
Olalde Areto barria
2022aren hasieran, Mungiako Udalak beste jarduketa garrantzitsu bati ekin eutsan Olalde Aretoan, eta horretarako 216.000 euroko inbertsinoa egin eban. Dantza eta antzerkia praktiketako 74 metro karratuko gela barri bi prestau ziran. Biak alkartuta areto handi bihur daitekez. Gela biak pieza mobikor batek banatzen ditu, eta, beraz, beharrezkoa danean, 148 metro karratuko areto handi bihurtu daitekez. Areto bietako zoladuran erabilera anitzeko oholtza dago.
Barritasun horreekaz guztiakaz, Udalak Olalde Aretoaren aldeko apustuari eusten deutso, erabiltzaileen erabilera-kalidadea eta instalazinoen kultura-, kirol- eta gizarte-eskaintza hobetzeko esku-hartzeakaz. "Olalde Aretoa Bizkaia osoan erreferente bilakatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dogu eta, horregaitik, erabiltzaile guztien, udalerrikoen zein kanpokoen, mesederako hobekuntzak sartzeko konpromisoa hartu dogu", azaldu dau Ager Izagirrek.
Mungian energia-eraginkortasuna hobetzea, helburu nagusietakoa
Modu berean, Mungiako Udalak lanean jarraitzen dau herrian energia-eraginkortasuna hobetzeko, horretarako aukera emoten daben lekuetan sistema jasangarriak sartuz. Jarduketa horri beste batzuk gehitu behar jakoz, horreen artean hainbat lekutan argiteria LEDera aldatzea. Holan, Udalak hainbat esku-hartze egin ditu udalerrian zehar, honeek, besteak beste:
Eguzki-farolak instaletea.
Uriguneko kale batzuetako argiteria aldatzea, VSPtik LEDera.
Eraikin publikoetako argiteria LEDera aldatzea.
Uriguen-Zabalondo bidegorriko argiak LEDera aldatzea.
Beste alde batetik, Alaitz Erkoreka Lurralde eta Ingurumen Saileko zinegotziak gobernu-taldeak ingurumenagazko errespetuaren aurrean dauen konpromisoa berretsi dau: "Beti saiatu gara lehentasuna emoten gure ingurunea zaintzeari eta klima-aldaketaren kontrako burrukari. Holango esku-hartzeen bidez, energiaren kontsumoa murriztea lortzen dogu; zalantzarik barik, albiste bikaina da, bai ekologiaren, bai ekonomiaren ikuspegitik".