Albisteak

Izenaduba Basoak itxura barritu eta hobetuagaz hartu ditu jarduera handieneko asteak

Udalak 600.000 euroko inbersinoa egin dau parkearen kanpokaldeko estetika barritzeko eta dagoan materiala zaharbarritzeko eta hobetzeko ...

Mungian, 2022ko abenduaren 19an.- Urteko gau magikoenetako baterako, Gabon gauerako, atzera-kontaketa betean, Izenaduba Basoak jarduera handieneko denporaldia bizi dau aste honeetan, Euskadi osoko ikastetxeen eta familien bisitakaz.
Gaur goizean Izenaduba Basoak ateak edegi deutsez komunikabideei. Ekitaldian Alaitz Erkoreka Mungiako lehen alkateordea eta Koldo Bilbao, BBKko Kultura arduranduna egon dira.
Osasun egoerak jarduera egokitzera behartu eban urte biren ostean, Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeak pandemia aurreko funtzinonamendua berreskuratu dau barriro, eta barritasunakaz egin dau: alde batetik, urtero milaka umek abentura parebako eta ikaragarria bizi daben parkearen kanpokaldeko estetika barritu da; eta, bestetik, materiala zaharbarritu eta hobetu da, baita ikazginagaz batera doazan personaien irudiak be. Holan, Basajaun, Tartalo, lamiak, sorgina... orain askoz handiagoak dira, eta galtzagorrien herri txikia eta Anbotoko Mariren koba be zaharbarritu eta handitu egin dira. Jarduera horreetarako, Mungiako Udalak 600.000 euroko inbersinoa egin dau.
Aurtengo gaiak bisitariak natura errespetetan eta ingurumena zaintzen heztea dau helburu. Holan, bisita BBKk egindako bideo bategaz hasten da. Bertan Basajaunek klima aldaketaren egoera planteetan dau, Izenaduba basoan arazo bat daukielako: Olentzeroren eta Mari Domingiren etxetik kolore berdea desagertu egin da. Holan, formatu ludiko eta interaktiboan, bertaratzen diranek ordu eta erdiz lagunduko deutsie ikazginari kolore hori bilatzen. Baina ez dabe bakarrik egingo, Galtzagorri moduko personaiek be zeregin horretan lagunduko dabe.
Beste alde batetik, Alaitz Erkoreka Mungiako Udaleko alkateordeak, Izenaduba Basoak Gabonetan beteten dauen eginkizun handia azpimarratu dau, txikien artean ilusinoa eta alaitasuna banatuz, eta adierazo dauenez, "Izenaduba Basoak orain dala 14 urte ateak zabaldu ebazanetik, bere magia milaka umerengana heldu da. Izenaduba Basoaren alde alkarregaz behar egiten jarraituko dogu, urtero milaka umek euskal mitologiaz, naturaz eta euskal tradizinoez modu dibertigarrian eta didaktikoan gozetan jarraitu ahal izateko". Koldo Bilbaok, BBK-ko Kultura arduradunak, Izenaduba Basoak urte osoan egiten dauen lana azpimarratu dau, euskal mitologia eta tradizioak sustatuz, eta BBK-k parke tematikoarekin dauen konpromisoa azpimarratzeko ere baliatu dau bere hitzaldia.
Bisita kopuruak pandemia aurreko zifrak berreskuratu ditu
Pandemiak azkenengo ikasturte bietan jasotako bisitari kopurua txikitu eban arren, aurton parke tematikoaren arrakastari eutsi jako, eta izandako bisita kopuruak osasun krisiaren aurreko
datuen ingurukoak dira. Holan, urtarriletik bagilera bitartean, Euskadiko hainbat lekutako ikasleek bisitetan dabe Izenaduba Basoa, euskal mitologia, natura eta tradizinoak modu dibertigarri eta didaktikoan jorratzeko asmoz; jaiegunetan, barriz, milaka familia hurbiltzen dira Olentzeroren eta Mari Domingiren etxera.
Olentzero Landetxo Goikoatik jatsiko da abenduaren 24an
Abenduaren 24an, ohi lez, Olentzero eta Mari Domingi Landetxo Goikoatik abiauko dira 16:30ean, eta kalejira egingo dabe Udaletxera heldu arte. Ibilpidea ume mungiarrak agurtzeko aprobetxauko dabe, eta gero, umeek, biakaz berba egin ahal izango dabe.
Jaitsierak formatu tradizionalari eutsiko deutso, beti ospakizun honen inguruan izan diran ohitureak errespetatuz. Horrela, ikastetxeek eta herriko hainbat elkartek eta herritar (Mungian Euskeraz Alkartea, Basapizti Taldea, Tallu Mendizale Taldea, Amilotx Dantza Taldea, Gure Ametsa Txistulari Taldea, J.M. Arregi Abesbatza, Udal Musika eta Dantza Eskola, Bentades Ikastetxea, Larramendi Ikastola, Laukarizko Eskola, Legarda Ikastetxea) antolatutako kalejirak era guztietako erakargarriak izango ditu: idiak, astoak, pertsonaia mitologikoak, zanpantzarrak, eta abar.