Albisteak

Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT)

50 urte baino gehiago dauzkaten eraikinek EIT-a aurkeztu behar dabe

JAGON DAIGUN GURE ETXEBIZITZA MODU ERRAZEAN, ERAIKINEN IKUSKAPEN TEKNIKOAREN BITARTEZ

 

 

Zer da EIT? Zer sartzen da ikuskapen horren barruan?

Informazino eta aurrediagnostikorako tresna da, begiz egindako ikuskapen batean oinarritzen dana. Ikuskapen horren bidez ondokoak aztertzen dira: eraikinaren egitura, fatxada, estalkia eta jaube guztienak diran sareak, hau da, saneamendu-sarea eta hornidura-sareak. Ikuskapen horren bidez ikusten da zein dan eraikinaren kontserbazino-egoerea eta ze patologia daukan (euki ezkero).

 

EITren barruan eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria bere sartzen da. Ziurtagiri hori osotzeko zer behar da? Batetik, eraikinaren inguratzailearen eta instalazinoen ganeko datuak hartu eta eurok hobetzeko moduak zehaztu behar dira; eta bestetik, eraikinaren irisgarritasun-baldintza oinarrizkoak zeintzuk diran eta eurok hobetzeko moduak zehazten dituan txostena egin beharko da.

 

 

Nork egin lei EIT bat?

Goi arkitektoek edo arkitekto teknikoek egin leiez EITak. 

 

 

EIT-ren helburuak

EITren helburua eraikinak dituan akats eta kalteak identifikatzea da, barruko zein kanpoko arrazoien, ohitura txarren, hutsegiteen edo ez-mantentzearen ondorioz gertatuak izan. Azken baten, EIT higiezinak kontserbatzeko betebeharraren barruan sartzen da. Horren ganera, EITk ondoko helburuak bere baditu: antzemandako patologien arrazoien aurrediagnostiko bat egitea, baita eraikinaren kontserbazino-egoerearena bere; ikusitako akatsen larritasun-maila sailkatzea eta euron arteko lotura topatzea; kalteen garrantzia baloratzea; esku-hartu behar den erabagitea; eta esku-hartze egokiena zein izan daitekean zehaztea.

 

 

EITren epeak

Bizitegi-eraikinek berrogeita hamar urte beteten dabezanean –hurrengo urtean zehar– egin beharko dabe EIT, eta egiteaz ganera Udalean aurkeztu beharko da.

Ondoko higiezinen jaubeek egin behar dabe EIT derrigorrean:

  • 50 urtetik gorako bizitegi-eraikinek, danek, bide publikorako sarbiderik ez daukien familia bakarreko etxebizitzek izan ezik; beti bere, euren erabilera nagusia etxebizitza izatea bada: familia bakarreko etxeak, familia bikoak eta atxikiak eta taldeko bizitegiko tipologiaren barruan sartzen diranak.
  • Taldeko Bizitegi erabilera duten eraikuntzei asimilatutako eraikinek (hotelek, egoitzek, aterpeetxek…).
  • Antolamendutik kanpo dagozan bizitegi-erabilerako eraikinek.
  • Diru-laguntzak eskatu gura dabezan eraikinek, baldin eta diru-laguntza horreek eraikinetan mantetzen-obrak, edota irisgarritasun zein energiaren eraginkortasuna hobetzeko badira (diru-laguntza eskabidea aurkeztu aurretik).
  • Eta Udalek, euren Ordenantzen bidez legedia modu zorrotzagoan aplikatuta, behartzen dabezan ganerako eraikin guztiek.

 

EIT egiteko betebeharretik salbuetsita gelditzen dira, euren erabilera nagusia bizitegia izan arren, legezko aurri-egoera deklaratuta daukien eraikinak.

 

Araudi honetatik kanpo gelditzen da sektoreko araudi berezia daukien  instalazino edo elementuen egoerea egiaztatzea, besteak beste ondokoena: igoigailuak, instalazino elektrikoak, telekomunikazinoak, kalefakzinoa, etxeko ur beroa…

 

 

Eraikinaren edadea

Eraikinaren edadea kontabilizatuko da oin barriko obren amaiera-egunetik  edo eraikinaren zaharbarritze integralerako obren amaiera-egunetik. Data hori ondoko agirien bidez egiaztatu ahal izango da (lehentasun ordenan):

  • Obra-amaierako Ziurtagiria edo Obra hartu izanaren Akta.
  • Obra barriaren Deklarazinoa, Katastroko Ziurtagiria edo eraikina Lehenengoz okupatzeko Lizentzia.
  • Katastroan edo Eraikinen erroldan agertzen dana.

Agiriok falta izan ezkero, zuzenbideak onargarritzat joten dauen beste edozein bide erabilita zehaztu ahal izango da eraikinaren edadea.

 

 

EIT-ren irismena, indarraldia eta barriztu beharra

EIT azterketa eraikin osoei egiten jake eta, oro har, 10 urte pasatutakoan barriztu behar da atzera. Hamar urteko epe hori kontabilizatzen da Udalean azterketa bera aurkeztu danetik (azterketa beharrezkoa edo borondatezkoa izan) edo zuzenketa agiria aurkeztu danetik (1, 2 eta 3. mailako esku-hartzeak egin behar izan diranean).

 

 

EITren emaitza

Kontserbazino arloan zera eskatzen dau: batetik, kalitatearen garrantzia baloratzea, esku-hartzeko beharrizanik dagoan adierazotea eta egokiena dan esku-hartze mota zehaztea. Esku-hartze mailak honeek dira:

  • 1. mailakoak: Atoan egin beharrekoak (24 orduko epearen barruan)
  • 2. mailakoak: Oso larriak (3 hilabeteko epearen barruan)
  • 3. mailakoak: Larriak (12 hilabeteko epearen barruan)
  • 4. mailakoak: Epe ertainean egin beharrekoak.
  • 5. mailakoak: Mantentze-lanak

 

1, 2 eta 3. jardun-mailak ezartzen diranean, toki-administrazinoa behartuta dago esku-hartzen eta lanak derrigorrez gauzatzeko beharrezko diran mekanismoak erabilten.

 

 

Zertara behartzen dau EIT txostenak?

Jaubeen komunidadeak behartuta dagoz EIT txostenak atoan egin beharrekotzat, oso larritzat edota larritzat kalifikatutako obra guztiak egiten. Betebehar hori era bitara bete leiteke: EIT aurkeztuta (4 eta 5.mailako kasuetan) edo zuzenketa-agiria aurkeztuta (1, 2 eta 3. mailako kasuetan).

 

Ezarritako epearen barruan EIT aurkeztu ezean, Udalak beste bi hilabeteko epea emongo dau horretarako. Hilabete bi horreetan aurkeztuten ez bada,  hirigintzako arau-haustearen ondoriozko zehapenaz aparte, Udalak azterketa tekniko hori modu subsidiarioan egin ahal izango dau. Horretarako erabiliko dan prozedura izango da azterketan eginbeharrekotzat joten diran obrak (1, 2 eta 3. mailako akatsek eragindako arriskuak ebitatzeko egin beharrekoak) egiten ez diranetan erabiliko dan prozedura bera.

 

Udalak, bere eskumenen arloan, pertsonen segurtasuna jagon behar dau; hori dala eta, lehentasuna eukiko dabe eraikinen egituran, estalian eta bide publikora dagozan aurrealdeetan egin beharreko obrek.

 

 

Eusko Jaurlaritzan erregistratzea

EIT Udalean aurkeztu ostean, Udalak erregistratu egingo dau  Eusko Jaurlaritzak horretarako prestatu dauen erregistroan (Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoen Erregistroa). Hor agertuko dan informazinoa izango da persona baimenduek Jaubeen Erkidegoei aurretik emondakoa ezarritako formatuen bidez.

 

Aplikatuko dan Araudia orokorra: 3/2015 Legea, bagilaren 18koa, Etxebizitzaren ganekoa;  2/2006 Legea, bagilaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hirigintzaren ganekoa; 38/1999 Legea, zemendiaren 5ekoa, Eraikuntzaren Antolamenduaren ganekoa; eta 117/2018 Dekretua, garagarrilaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren ganekoa.