Albisteak

Mungiako Aita Elorriaga kaleko asfaltatze-lanak amaitu dira

Mungiako Udalak 20.000 m² baino gehiago asfaltatu ditu udazken-neguko kanpainan

Mungiako Udalak gaur amaitu du Aita Elorriaga kalean asfaltatze-lanak egiteko udazken-neguko kanpainaren azken lana. Aipatutako kaleko zoladura konpontzeko eta berritzeko obra da. Horrela, Udalak 22.451,4 m² asfaltatu ditu azken hilabeteetan, eta guztira 665.466,47 euroko inbertsioa egin du.

Leire Bilbaok, Mungiako Udaleko Hirigintza zinegotziak, honako hau adierazi du: "Trafikoaren zein oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak dira. 20.000 metro karratu baino gehiago asfaltatuak izan dira azken kanpainan, eta ildo horretan lanean jarraituko dugu, legegintzaldi hasieran gaurko Mungia hobetzeko hartutako konpromisoari eusteko eta etorkizuneko Mungia hobetzeko".

Horrela, 2023ko udazken-neguko asfaltatze kanpainan, Udalak 22.451,4 m² berritu ditu honako kale hauetan: Ferial, Lauaxeta Olerkari kalearen atzealdea, Ibaigane kalea, Leizaola Lehendakariaren kalea, Derio bidea, Martintxone bidea, Larragane bidea, Madalen bidea, Karmelo Etxegarai kalea, Mitxelene bidea, Santa Elena bidea eta Bakio bidea. Lan horien esparruan, abiadura murriztaile bi ere egin dira Mitxelene bidean.

Urtean zehar egindako jarduerak

Asfaltatze-lanez gain, Udalak beste lan batzuk egin ditu oinezkoen joan-etorria errazteko. Horretarako, hiru zebrabide eraiki dira Karmelo Etxegarai kalean, Laukariz bidean eta Beko kalean; eta beste 10 abiadura murriztaile egin dira Mostein, Madalen bidean, Olabarrieta bidean, Karmelo Etxegarai kalean eta Laukariz bidean. Jarduera horien inbertsioa 30.699,43 eurokoa izan da (BEZa barne).

Era berean, 94 zulo konpondu dira Berreagamendi auzoko bideetan, baita zulo bi ere Beko Kalean. Ekintza horiei beste bi gehitu behar zaizkie bideko zuloak konpontzeko: bata Berreagamendin eta bestea hirigunean, Sagasti txirrindularitza probaren segurtasunerako. Lan horietarako 25.243,02 euroko inbertsioa egin da.