Albisteak

Mungiako Udalak laster hasiko ditu aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien lortu dituen hiru proiektuak gauzatzeko izapideak

Hautatutako proiektuak lehenesteko prozesua amaitu ostean, honeek izan dira herritarrek ondoen baloratu dituen hiruak: Uriguen parkean ibilpide...

Mungian, 2022ko garagarrilaren 26an. Hautatutako proiektuak lehenesteko Mungiako aurrekontu parte-hartzaileen bigarren fasea amaitu ostean, Udalak laster hasiko ditu herritarrek ondoen balorautako hiru proiektuak gauzatzeko izapideak: Uriguen parkean ibilpide botanikoa sortzea, autokarabanentzako gune bat egokitzea eta Mungiako alkarteen azoka egitea.

 "Beste urte batez, eskerrak emon gura deutseguz mungiarrei aurrekontu parte-hartzaileakaz daukien inplikazinoarengaitik. Holango prozesuek ez daukie ezelango ibilpiderik, erakundeetatik ez badogu herritarrek parte hartzea lortzen. Prozesuaren bigarren zati hau zabalik egon dan 14 egunetan, 311 personak hartu dabe parte guztira", azaldu dau Ager Izagirre Mungiako alkateak.

Guztira, Mungiako herritarrek sei proiektu honeek balorau eta lehenetsi behar izan ditue: parkour parke bat sortzea; autokarabanentzako gune bat egokitzea; txakurren aisialdirako gune bi sortzea; Mungiako alkarteen azoka egitea; Uriguen parkean ibilpide botanikoa sortzea; Mungia ezagutzeko ginkana.

Bere konpromisoa betez, Mungiako Udalak laster jarriko ditu martxan hiru proiektu bozkatuenak gauzatzeko izapideak: Uriguen parkean ibilpide botanikoa sortzea, autokarabanentzako gune bat egokitzea, eta Mungiako alkarteen azoka egitea. Guztira 54.000 euro erabiliko ditu horretarako.