Albisteak

Mungiako Udalak 2023rako aurrekontuen gaineko prozesu parte-hartzailea abiarazi du

Herritarren lehentasunak ezagutzea eta gazteen parte-hartze zabalagoa lortzea dira Udalaren helburu nagusiak

Mungia, 24 de octubre de 2022.

Mungiako Udalak herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzailea abiarazi du beste behin. Izan ere, Udalak, mungiarren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi ditu 2023ko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko. Prozesu honetan parte hartzeko ohiko legez hainbat  bide daude, horrela interesdunek inprimaki bat bete beharko dute, HAZ-en, Udal Kiroldegian eta Behargintzan dauden hautestontzietan sartzeko. Bestalde, azaroaren 4ean (Euskal Pizkundearen Etorbidea), 5ean (Kiroldegia goizez eta Olalde arratsaldez) eta 11ean (Euskal Pizkundearen Etrobidea) karpak jarriko dira goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara arratsaldez herritarren partaidetzarako. Horrez gain, galdetegia on-line ere erantzun ahal izango dute interesdunek www.mungia.eus webgunean. Galdetegi digital honen bitartez, herritar guztiei modu erosoenean parte hartzeko aukera eskaintzea eta bereziki herriko gazteen parte-hartzea bultzatzea du helburu Udalak.

Udal gobernuak 2023an gauzatu daitezkeen proiektuen proposamenak nolakoak izan behar diren ere gogorarazi nahi die mungiarrei. Horrela, proposamenak, udalaren eskumenekoak teknikoki zein ekonomikoki bideragarriak izan behar dira.  Obrak direnean, proposamen horiek ez dute 40.000 euro baino gehiagoko kostua izan behar eta bestelako proiektuak direnean 15.000 eurokoak gehienez. Ez dira obra txikiak izan behar, ezta herriaren mantentze-lanak ere. Horietaz Udala arduratzen da, beraz, Mungiaren  etorkizunerako proiektuetan pentsatzeko deia luzatzen die herritarrei.

Ahalik eta parte-hartze handiena lortzea da Udalaren helburua, 2023ko aurrekontua herritarrek adierazitako lehentasunen arabera eta hauek egindako ekarpenak aintzat hartuaz diseinatu eta exekutatu ahal izateko. Horrela, dokumentua fisikoki betetzeaz gain, online bete eta bidali ahal izango da, parte-hartzea sustatu eta herritarren lehentasunak identifikatzeko. Udal Gobernuak parte-hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak eta beraien iritziak eta lehentasunak zuzenean adieraztera.