Albisteak

Mungiako Udalak emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren kontrako indarkeria matxista kasuetan erantzun instituzionala emoteko protokolo barria sortu dau

- Gizarte arloko erreparazinorako neurria da; herritarrakaz pedagogia egiten dau, emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboen kontrako indarkeria...

Mungian, 2022ko abenduaren 22an. Mungiako Udalak beste pausu bat emon dau indarkeria matxistaren, indarkeria bikarioaren eta LGTBIQA+ kolektiboetako personen eskubideei eraso egiten deutsonaren kontra. Izan be, Udalak, eraso matxistakazko intolerantzia zero kultura sortzea helburu dauen erantzun instituzionalerako protokolo barria onartu dau gaur eguerdian osoko bilkuran gehiengo osogaz. Dokumentu horren helburua aurreko protokoloa eguneratzea da. Protokolo ha 2013koa da, eta eguneratzea guztiz beharrezkoa zan. Dokumentu horretan, ganera, indarkeria bikarioa eta LGTBIQA+ kolektiboaren kontrako indarkeria sartzen dira. Holan, euren egonezina, haserrea eta mina adierazoteko, eta biktimek egia eta justizia eskatuz daben erreparazino-beharra adierazoteko espazio eta bidea eskainiko deutse herritarrei.

 

Ager Izagirre Mungiako alkateak azpimarratu dauenez, gaitzespen-kontzentrazinorako deia garrantzitsua da, asko ikusiko dalako, "baina, hortik harago, protokoloak indarkeria-egoera desbardinei erantzun proporzionala eta egokia emoteko tresna izan gura dau". Modu berean, Bakarne Egia Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Gazteria arloko zinegotzi arduradunak, hau gehitu dau: "modu publikoan ezagutzera emoten dogun erantzun instituzionala gizarte arloko erreparazinorako neurria da, eta herritarrakaz pedagogia egiten dau, indarkeria matxistaren indarkeria matxistaren adierazpenen guztiak kontrako jarrera adierazoteko deia eginda".

 

Holan, kasu larrietan protokoloa aktibauko da biktima Mungian bizi bada, biktima Mungian bizi ez, baina "Mungiako alaba" bada edo gertakariak Mungian gertatzen badira. Erantzun instituzional horretan, biktimei eta senideei laguntzeko baliabideak preminaz aktibetea lehenetsiko eta bermatuko da, eta errespetau egingo da biktimak bere eretxiz onena dana egiteko daukan nahia. Beraz, edozein indarkeria larriren barri izan ezkero, Udalak protokoloa aktibauko dau eta eragile parta-hartzaile guztiak deituko ditu indarkeria-ekintza horiei erantzuteko, biktimei eta senideei laguntzeko baliabideak preminaz aktibauko dirala bermatuz, biktimaren eta haren familiaren unean uneko beharretara egokituta.