Albisteak

Mungiako Udalak ia 27 milioi euroko aurrekontua onartu du, bere historiako altuenetakoa

Iazko aurrekontuarekin alderatuta, % 5,2ko igoera izan du aurrekontuak, eta gaurko Mungia hobetzeko lanean jarraitzea du helburu, etorkizuneko Mungia hobetzearekin batera.

Mungiako Udalak gaur eguerdian egindako osoko bilkuran onartu ditu 2024rako aurrekontuak, 26,9 milioi eurokoak, EAJ-PNVren eta PSEren aldeko botoekin, EH Bilduren eta Mungia Alkarturen kontrako botoekin eta Monte Berriaga Alderdi Zibikoaren abstentzioarekin. Horrela, Mungiak orain arte izan duen aurrekonturik altuena, iazkoaren aldean % 5,2ko igoerarekin, onartu egin da. Alaitz Erkoreka, Mungiako alkatea, pozik agertu da "mungiarrekin ditugun konpromisoak betetzen jarraitzeko, pertsonak erdigunean jartzeko eta gaurko Mungia hobetzeko eta etorkizuneko Mungia hobetzeko aukera emango diguten aurrekontuak onartu direlako”.

Ildo horretan, onartutako dokumentua diru-sarreren aurreikuspenetan oinarritzen da: diru-sarreren % 63 beste erakunde batzuetatik datorren ekarpenari dagokio, % 35 herritarren tasa eta zergei eta % 2 beste diru-sarrera batzuei, hala nola ondare-sarrerei. Atal honetan azpimarragarriena Udalkutxaren funtsetatik datozen diru-sarrerak dira, diru-sarrera guztien % 54 baitira, eta eraikuntza, instalazio eta obrengatik bildutako diru-kopurua handitu egin da; 2023ko datuak kontuan hartuta, aurten ere horrela jarraituko duela aurreikusten da.

Gastuen partidei dagokienez, Mungiako Udalaren helburuak, aurrekontu honen onarpenarekin, kalitatezko zerbitzu publikoa mantentzea, behar duten herritarrei laguntzea, Mungiaren sustapen ekonomikoa bultzatzea, herriko elkarteekin elkarlanean jarraitzea, Mungia jasangarriagoa lortzea eta herriarentzako proiektu berriak martxan jartzea dira. Azpimarratu behar da, aurrekontu honekin, Udaleko arlo guztiek baliabideak izango dituztela beren proiektuak aurrera eramateko. Aurrekontuan jasotako proiektu esanguratsuenetako batzuk, besteak beste, honako hauek izango dira:

- Bideak asfaltatzeko lanekin jarraituko da (800.000 euro), eta erabilera publikoko espazio pribatuak mantentzeko dirulaguntzen deialdia egitea aurreikusten da, 200.000 euroko balioarekin.

- Udalerriko hainbat puntutan irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko partida 250.000 eurora arte handitu da.

- Mungia berdeago bat, udal-eraikinen arteko energia-eraginkortasuna hobetzea, autoentzako karga-puntu elektrikoak jartzea, eta udalerrian amianto-hondakinak aurkitzeko azterlan bat egitea.

- Haur-jolasetan 110.000 euro aurreikusten dira, Mungiako haur guztiek jolas-parkeez gozatzeko aukera izan dezaten.

- Olentzeroren etxean irisgarritasun eta inklusibitate proiektu berri bat bultzatzea, 295.000 euroko inbertsioarekin.

- Gizalegezko eta bizikidetzazko kanpaina bat jarriko dugu abian, nahi ez dugun bakardadearen egoera lantzeaz gain.

- Tokiko negozioa laguntzen jarraituko dugu, eta, horrez gain, mungiarren kontsumoa sustatuko dugu udalerriko establezimenduetan, Mungia Indartzen programaren bidez. Horretarako, 100.000 € bideratuko ditugu.

- Auzoak mantentzeko eta hobetzeko inbertsioa handitzen dugu, eta auzotaxi zerbitzua mantenduz hirigunera hurbiltzen jarraitzen dugu (225.000 euro).

Bestalde, % 51 Udalaren eguneroko gastuei dagokie, hala nola bide-garbiketari, argiteria publikoari, kirol-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-sustapeneko zerbitzuei (13.122.702 euro); % 34 langile-gastuei (8.680.658 euro); gastuen % 9 herritarrentzako eta tokiko elkarteentzako laguntza eta dirulaguntzetara bideratzen da, bai eta Behargintzara eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera ere, mungiarren beharrei erantzuten jarraitzeko.

Bestalde, Asier Areitio Mungiako Udaleko Ekonomia, Ogasun eta Finantza arloko zinegotziak adierazi duenez, “onartutako dokumentuari esker, Udaleko arlo guztiek izango dituzte beren proiektuak gauzatzeko baliabideak. Era berean, oso datu garrantzitsua azpimarratu nahi nuke: Mungiako Udalak beste urte batez zero zorrarekin jarraituko du”.

“Hori guztia Cittaslow udalerria garela ahaztu gabe, gure nortasuna zainduz, herritarren parte-hartzean oinarrituz, betiere gobernu irekiaren eredutik hurbil”, nabarmendu du Mungiako alkate Alaitz Erkorekak.