Albisteak

Mungiako Udalak azken urteetako aurrekonturik handiena onartu du, 25,6 milioi eurokoa

Mungiarrak ardatzean jartzen dituen aurrekontua da, eta Mungia bizitzeko, lan egiteko eta bisitatzeko udalerri erakargarriagoa izan dadin lan...

Mungia, 2023ko otsailaren 24a. Mungiako Udalak gaur eguerdian egindako osoko bilkuran onartu ditu 2023ko aurrekontuak, 25,6 milioi eurokoak, EAJ-PNV eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Monte Berriaga Alderdi Zibikoaren kontrako botoekin. Horrela, onartu egin da Mungiarako orain arteko aurrekonturik handiena, iazkoarekin alderatuta % 7,32ko igoera dakarrena. Mungiako alkatea, Ager Izagirre, pozik agertu da "mungiarrekin ditugun konpromisoak betetzen jarraitzeko aukera emango diguten aurrekontuak onartu direlako, pertsonak erdigunean jarriz eta Mungia bizitzeko, lan egiteko eta bisitatzeko udalerri erakargarriagoa bihurtzeko helburuari jarraituta lan eginez".
 
Ildo horretan, onartutako dokumentua diru-sarreren aurreikuspenetan oinarritzen da: diru-sarreren % 60 beste erakunde batzuetatik datorren ekarpenari dagokio (15.346.651,66 euro), % 37 herritarren tasa eta zergei (9.471.500 euro) eta % 3 beste diru-sarrera batzuei (770.446,21 euro). Atal honetako gauzarik nabarmenenak Udalkutxaren funtsetatik datozen diru-sarrerak dira, guztizko diru-sarreren % 53 hartzen baitute, eta EIOZen (Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga) bilketaren igoera, zerga horren bilketak iazko joera berari jarraitzea aurreikusten baita.
 
Gastuen partidei dagokienez, azpimarratzekoa da Mungiak 2023rako duen inbertsio-ahalmena oso indartsua izango dela, 2,5 milioi euro baino gehiago bideratu baitira Mungia hobetzea helburu duten hainbat proiektu gauzatzen jarraitzeko. Bestalde, % 46,16 udalaren eguneroko gastuei dagokie: kale-garbiketa, argiteria publikoa, kirol- eta kultura-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak, ekonomia sustatzeko zerbitzuak eta abar. (11.812.262,04 euro); % 33,14 langileen gastuetarako da (8.480.920,94 euro); gastuen partidaren % 9,98 herritarrentzako eta tokiko elkarteentzako laguntza eta dirulaguntzetarako da, Behargintza eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari egindako ekarpenez gain (2.552.966,65 euro); eta gainerako % 0,24 beste gastu batzuetarako, hala nola banku-komisioetarako, finantza aktiboetarako eta abarretarako (61.000 euro).
 
Bestalde, Leire Bilbaok, Mungiako Udaleko Ekonomia, Ogasun eta Finantza arloko zinegotziak, adierazi du inbertsio ahalmen handiko aurrekontuak direla eta, "onartutako dokumentuari esker, Udaleko arlo guztiek beren proiektuak gauzatzeko baliabideak izango dituztela. Gainera, bizitzea egokitu zaigun egoera ekonomiko konplexua gorabehera, Udalak zero zorrarekin jarraituko du aurten ere".