Albisteak

Mungiako Udalak Larretako futbol zelaia handitu eta barritu dau 2023rako

Egindako hobekuntzen ostean, kirol-instalazinoa erabilteko eta gozetako prest dago. Inbertsino osoa 349.837,84 eurokoa izan da (BEZa barne) Modu...

Mungian, 2023ko urtarrilaren 4an. Mungiako Udalak bere instalazinoak barritzeko lanean jarraitzen dau, mungiarrei beti zerbitzu egokia eskaintzeko. Alde horretatik, anbulatorio zaharraren eraikinean obrak martxan jarri eta gero, Larretako futbol-zelaia hobetu eta handitzea eta Mungiako Uriguen udal haurreskolak eskatzen ebazan beharrak betetea izan dira Udalak egin dituan azkenengo jarduketak. Horretarako, Mungiako Udalak 369.716,81 euroko (BEZa barne) inbertsino osoa egin dau, Larretako futbol zelaiaren barrikuntzan –349.837,84 (BEZa barne, Bizkaiko Foru Aldundiko 'Herriak Egiten' funtsak laguntzagaz)– eta udal haurtzaindegiko dagoan materiala zaharbarritzeko eta ur sarearen instalazinoa barritzeko –19.878,97 euro (BEZa barne)–.

Holan, egin diran obrakaz, Larretako futbol zelaiak bere instalazinoak hobetu ditu, eta daborduko normaltasunez erabil daiteke kirola egiteko. Lehenengo eta behin, ur-ponpa bat instalau da zisternan, ureztatzeari eragiteko, eta, horretarako, haren funtzionamentuaren proba egin da, holan lurzorua behar dan lez bardintzeko, soropila jarteko. Egiaztapen horreen ostean, eremuaren gainazalean asfaltozko oihala jarri da, ur-hartunearen konexinoa barne. Azpimarratu behar da argiztapena be hobetu egin dala, eta eraginkorragoa jarri dala, LED argiak jarriz zelaiko torreetan. Modu berean, Larretako zelaiak bedar, ate eta sare instalazino barriak ditu.

Mungiako Uriguen udal haurreskola

Mungiako Uriguen udal haurreskolako jarduketak prozesu bi izan ditu. Alde batetik, umeen kotxeak gordetako lekua konpondu da. Horretarako, estalgia kendu eta barria jarri da. Estalgi barrian oholesi barri bat jarri da kapirioen gainean, PC plakak isolamenduagaz eta teila testuragaz. Obra horren kostua 3.230,70 eurokoa izan da (BEZa barne).

Beste alde batetik, azkenengo aldian barruko ur-instalazinoa dala eta sortutako beharrak konpondu dira. Eraikina konpontzeko prozesua hainbat etapatan gauzatu da: lehenengo, gelak handitu eta konpondu dira; eta, ostean, instalazino elektrikoa eta berokuntza instalazinoa. Azken jarduketa ur-sarean zentrau da. Holan, kanalizazino zaharra, horman sartuta egoana, kendu egin da eta kanalizazio-sistema guztiz barria egin da. Jarduketak 16.648,27 euroko ordainketa ekarri dau (BEZa barne).

Alaitz Erkoreka, Mungiako Udaleko Hirigintza zinegotziak, jarduketa horreei ekiteko beharra azpimarratu dau eta azaldu dauenez, "Larretako azpiegitura futbol zelaia zabalagoa eta seguruagoa egiteko ideagaz hobetu dogu. Horregaitik, bedarra eta ateak aldatu doguz, eta zelaian argiztapen hobea eta eraginkorragoa jarri dogu. Modu berean, gure asmoa, haurreskolak 2023. urtea instalazinoak barriztatuta hastea zan, kalidadezko zerbitzua emon ahal izateko". Ager Izagirre Mungiako alkateak bere aldetik adierazo dauenez, "Udalerrian doguzan instalazino guztiak barritzen eta hobetzen jarraitzen dogu eta jarraituko dogu, ahalik eta zerbitzu onenak eta aisialdirako gune hobeak eskaintzen jarraitzeko, mungiarren osasuna eta ongizatea bultzatzeko asmoz".