Albisteak

Danontzat Elkarteak, Mungiako Udalaren laguntzarekin, Aste Kulturalaren 32. edizioa ospatuko du

Azaroaren 13tik 17ra Nagusien Txokoak izango da. Hitzaldiak eta kultura emanaldiak 17:30etan hasiko dira egun guztietan.

Danontzat, Mungiako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak, Udalarekin elkarlanean, Kultur Astearen 32. edizioa ospatuko du, adinekoen kolektiboak Mungiako gizarteari ematen dizkion balioak eta inplikazioa balioesteko eta parte-hartzaile guztiei gizarte-, kultura- eta aisialdi-aukerak eskaintzeko. Hitzordua azaroaren 13tik 17ra izango da, Nagusien Txokoan eta ekitaldiak 17:30etatik aurrera izango dira. Horrez gain, Alaitz Erkoreka alkateak eta Bakarne Egia Gizarte Ekintzako zinegotzi eta alkateordeak osatutako udal ordezkaritza batek hitzaldi bana eskainiko dute azaroaren 17an eta 14an, hurrenez hurren.

Aurten 40 urte bete dituen Danontzat Elkarteak bultzatutako ekimen hau oso errotuta dago Mungian. Izan ere, jardunaldi bakoitzean 250 pertsona inguru biltzen dira, bertakoak zein eskualdekoak, Aste Kulturalaren 5 egunetan zehar antolatutako hitzaldi eta musika-emanaldietan parte hartzeko.

Hasteko, azaroaren 13an, astelehenean, irekiera ekitaldia egingo da elkarte antolatzailearen ordezkarien eskutik, baita inaugurazio aurreskua ere, Mungiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleen eskutik. Ondoren, Estela Vaquero fisioterapeuta eta erizainak "Etxeko segurtasuna" hitzaldia emango du. Bertan, etxeetan sor daitezkeen arriskuen prebentzioari buruzko informazioa emango du, hala nola suteak, altzariak segurtasun eta irisgarritasun handiagorako egokitzea, erorikoak edo ustekabekoak instalazio elektrikoarekin. Interbentzio hau eta gero, Danontzat gimnasia-taldeak urtean zehar jarduera fisikoko tailerretan egiten dituzten jardueren lagin txiki bat eskainiko du. Eguna amaitzeko, "Las Fellini" k musika- eta umore-puntua jarriko die bertaratzen diren guztiei.

Asteartean, azaroak 14, Mungiako Udaleko zinegotziak, Bakarne Egiak, Mungia Lagunkoia udal programaren barruan adineko pertsonentzat dagoen kirol eskaintzaren errepasoa egingo du. Programa horren helburua da kolektibo horren parte-hartze aktiboa bultzatzea, eta, horrela, gero eta udalerri atseginagoa, eskuragarriagoa eta herritar guztientzat seguruagoa lortzea. 18:30ean "El Mariachi" Tolinen txanda izango da, arrantxera ezagunenekin arratsaldea alaituz.

Hurrengo egunean, azaroaren 15ean, Aitor Miñambres "Bilboko Burdin hesiaren" museoaren sortzaileak Gerra Zibilari buruzko hitzaldi historikoa emango du Mungian. Ondoren, magiaz beteriko ikuskizuna eskainiko du Odei magoak.

Ostegunean, azaroak 16, musikari eta dantzari eskainitako jardunaldia izango da, lehenik Mungiako musika eta dantza eskolako Soinu Taldearen kontzertuarekin eta, ondoren, Danontzat dantza tailerretako ikasleen emanaldiarekin. Euskal dantzak, sevillanak, online dance-ak, aretoko dantzak eta saltsa eskainiko dituzte.

Amaitzeko, Kultur Astearen amaierako hitzaldian, Mungiako alkateak abian dauden eta, batez ere, adineko pertsonentzat interesgarriak diren udal proiektuen errepasoa egingo du. "Hiri- garapen, garapen ekonomiko, sozial eta kultural iraunkorra nahi dugu udalerriarentzat, pertsona guztiek tokia izan dezaten. Udaletik apustu sendoa egiten dugu adineko pertsonen parte-hartze aktiboaren alde, haien iritzia kontutan dugula haien bizi-kalitatea hobetzeko. Jakin badakigu mungiarren herenak 60 urte baino gehiago dituela, eta, beraz, aurrera egiten jarraitu behar dugu ingurune adiskidetsuagoak, osasungarriagoak, eskuragarriagoak eta seguruagoak lortzeko, haien ongizatea lehentasuna izan dadin", adierazi du Erkorekak.

Danontzat ekimenari amaiera emateko, Mungiako JM Arregi Abesbatzak kontzertua eskainiko du eta erromeria herrikoi batek bertaratzen diren guztiak dantzan jarriko ditu.