Albisteak

2023KO SAN PEDRO JAIETAKO KARTELAREN LEIHAKETA

Zabalik dago 2023ko San Pedro jaietako kartelaren lehiaketarako epea

-Jaien programaren kontrazaleko 14 urtetik beherakoentzako lehiaketak be edegi dau lanak aurkezteko epea
 
-Lehiaketa bietako lanak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkezteko azkenengo eguna jorrailaren 28a izango da
 
Mungian, 2023ko martiaren 9an. Mungiako Udalak 2023ko San Pedro jaiak iragarriko dituan kartela aurkezteko epea zabaldu dau. Modu berean, jaietako egitarauaren kontrazaleko kartelerako lehiaketak be edegi dau aurkezteko epea. Lehiaketa bietako lanak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) entregetako azkenengo eguna jorrailaren 28a izango da. "Helburua, udalerri osoak partekatzen eta gozetan doguzan San Pedro Jaietan herritarren parte-hartzea sustetea da, bai helduena, bai txikiena", adierazo dau Eli Bilbao Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak.
 
2023ko San Pedro jaietako kartel lehiaketa
 
Holan, gura daben 14 urtetik gorako guztiek hartu ahal izango dabe parte, "MUNGIAKO SAN PEDRO JAIAK-2023" testua daben lan bigaz gehienez. Lanak leloagaz eta egilearen sinadurarik barik identifikauta joango dira. Beste alde batetik, kartelak koloretan eta teknika librean aurkeztuko dira, eta neurri honeek dituan euskarri zurrun baten gainean derrigorrez: 70 cm x 50 cm (etzana ez).
 
Hiru kartel finalistak Torrebillela Kultur Etxean erakutsiko dira maiatzaren 8tik 16ra (astelehenetik barikura, 17:30-20:00). Epe horretan, Mungian erroldatutako guztiek, adin mugarik barik, boto bat emon ahal izango dabe. Holan, mungiarren boto gehien jasoten dauen kartelak adieraziko dau nor dan sari bakarraren irabazlea: 600 €-ko bonua tokiko merkataritzan gastetako. Beste alde batetik, lehiaketara aurkeztu eta kanpoan geratzen diran gainerako kartelak be ikusgai egongo dira Torrebillelan. Hiru kartel finalisten botoak Jai Batzordearen aurrean zenbatuko dira. Bozketaren emoitzea maiatzaren 17an argitaratuko da.
 
Epaimahaia
 
Epaimahaia Jai Batzordeak eta diseinu grafikoko profesional batek osotuko dabe, eta bera arduratuko da kategoria bakotxeko hiru kartel finalistak aukeratzeaz. Horretarako, landutako gaiak Mungiagaz eta publizidaderako dauen eraginkortasunagaz zerikusia izatea balorauko da, besteak beste. Modu berean, aukeraketaren fasean epaimahaiak edozein unetan deskalifikau ahal izango ditu abagune honeetakoren bat daben lan guztiak:
 
- Egiletza zalantzazkoa danean.
- Personen duintasunaren kontrakoak edo emakumeenganako iraingarriak diranak edo indarkeria matxistea justifiketan dabenak.
- Beste obra batzuen plagioa dirala uste diranak eta, halangotzat hartu ezin badira be, imitazinotzat hartu daikezanak, beste obra batzuetan inspirauta dagozanak edo hareekaz bat datozanak, inguruabar horreek ezagutu ostean, epaimahaiak originaltasunaren merezimenduak falta jakezala erabagiten badau.
- Deskalifikazinoa herri-bozketea hasi ostean egiten bada, prozesuak gainerako kartel finalistakaz jarraituko dau.
 
2023ko San Pedro jaietako egitarauaren atzekalderako lehiaketea
 
Kasu horretan, 14 urtera arteko guztiek hartu ahal izango dabe parte, teknika eta kolore libreko obra bigaz gehienez be. Lanek DIN-A neurria izan behar dabe eta, kasu horretan, eskuz egindakoak izan beharko dira. Lanak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu ahal izango dira jorrailaren 28ra arte. Hiru kartel finalistak be Torrebillela Kultur Etxean egongo dira ikusgai maiatzaren 8tik 16ra (astelehenetik barikura, 17:30-20:00). Epe horretan, herritarrek botoa emoteko epea edegiko da, eta Mungian erroldatutako guztiek, adin mugarik barik, boto bat emon ahal izango dabe. Holan, mungiarren boto gehien jasoten dauen kartelak adieraziko dau nor dan sariaren irabazlea: 150 €-ko bonua Mungiako establezimentuetan gastetako.
 
Informazino gehiagorako, lehiaketen oinarriak Mungiako Udalaren webgunean dagoz argitaratuta: www.mungia.eus