Albisteak

Estiloak aurrez aurre Mungian jokatuko den Master LABORAL KUTXAren final handian

Pandemiak behartuta urtebeteko etena egin ostean, Lau eta Erdiko Master LABORAL KUTXA txapelketa indarberriturik itzuli da pilotalekuetara eta...

Estilo desberdineko bi pilotarien arteko final orekatua espero da. Miriam Arrillagak duela  urte bi lortutako txapelaren defentsa egingo du. Aginagako atzelariak, berriz, joko klasikoagoa erabiliko du; izan ere, botera erosoago aritzen den pilotaria da gipuzkoarra, pilota ondo mugitzen duena eta kantxan patxada handia erakusten du normalean. Amaia Aldairen jokoa, aldiz, askoz oldarkorragoa da, airez askoz gehiago sartzen den pilotaria da Dimakoa eta moralez gainezka helduko da finalera, aurreko kanporaketan Olatz Arrizabalaga kanporatu ostean.

«Oso final gogorra izango da, baina bigarren txapela lortzen saiatuko naiz, hemen egonda hori da nahi dudan gauza bakarra. Ni atzelaria naiz, bera aurrelaria da eta alde handia dago bion artean. Nik botera jokatzen dut, partida luzatzen saiatzen naiz eta berak ahal bezain laster jotzen du, airea bilatzen du. Oso final gogorra izango da, baina gogotsu nator», adierazi du egungo txapeldunak.

Bizkaitarrak, aldiz, bere buruz buruko lehen txapela janzteko gogo itzela du: «Lau eta erdikoa da denok irabazi nahi dugun txapela, lortzen duzun guztia norberaren merituagatik lortzen duzulako, eta horregatik uste dut Binakakoa baino berezitxuagoa dela, eta, egia esan, finalera iristeko gogo handia izan dut, gustukoen dudan modalitatea da eta».

Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Ager Izagirre, Mungiako alkatea, Nagore Torre Ureta alkateorde eta kirol zinegotzia eta Bakarne Egia Larrauri, alkateorde eta gizartekintza eta berdintasunerako zinegotzia eta hirurak bat etorri dira herrian halako mailako ekitaldi bat hartzeak sortzen dien poza eta ilusioa nabarmentzerakoan eta dei egin diete inguruko pilotazaleei igandean frontoira gerturatzeko, ikuskizunak mereziko du eta.