Albisteak

Ordenantza Arautzailea, Mungian bizi diren 18 eta35 urte bitarteko gazteei etxebizitzak alokatzeko emango zaizkien diru-laguntzak arautuko dituena

Mungiak emantzipazioaren aldeko apustua egin du

Gazteen emantzipazioa errazteko helburuari eutsita eta gaur egun gazteek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasunak kontuan hartuta, Mungiako Udalak behin betiko onarpena eman dio horretan tresna lagungarri izango den ordenantzari, hain zuzen ere, Mungiako udalerrian bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko gazteei euren ohiko etxebizitza izango denaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea ahalbideratuko duen Ordenantzari.

 

Ordenantza hori Udaleko talde politiko guztiek adostuta onartu da. Helburua gazteei burujabe izaten laguntzea eta etxebizitza bat izateko daukaten eskubidea bermatzea da. "Gaur egun, gazteek zailtasunak dituzte etxebizitza bati eurek euretara aurre egiteko; hori dela eta, beren emantzipazioa errazten eta etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzen lagundu nahi diegu" , azpimarratu du Ager Izagirrek, Mungiako alkateak.

 

 

Nork eskatu dezake laguntza?

Ordenantza honek arautzen dituen diru-laguntzak honako pertsona hauek jaso ahal izango dituzte: 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek edo Bizikidetzako Unitateek, eurokin bizi diren adingabekoak izan ezik.

 

 

Diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzak, Ordenantzaren II. Tituluari jarraituta :

Hauek dira bete beharreko baldintza nagusiak:

- Diruz laguntzen den epealdia barne hartzen duen errentamendu-kontratuaren titularrak izatea.

- Eskatzaileak ez izatea –ezta Bizikidetzako Unitateko kide bakar ere–  etxebizitza baten jabe. Era berean, eskaria egiten dutenean ezingo dute izan ez azalera eskubiderik, ez gozamenik.

- Bizikidetzako Unitatea osatzen duten kide guztiek egon behar dute erroldatuta Mungian, gutxienez ere 10 urte lehenagotik (azken 15 urteetan).  Horretaz gain, diru-laguntzaren indarraldi osoan egon beharko dute erroldatuta.

- Gutxienez 6.000€ gordineko diru-sarrera izatea urtean, pertsona bakarrak osatutako Bizikidetzako Unitatea bada; bi pertsonek osatutako Bizikidetzako Unitatearen kasuan, gutxienez 12.000€ gordineko diru-sarrera izatea urtean.

- Gehienez 25.000€ gordineko diru-sarrera izatea urtean, pertsona bakarrak osatutako Bizikidetzako Unitatea bada; bi pertsonek osatutako Bizikidetzako Unitatearen kasuan, gehienez 35.000€ gordineko diru-sarrera izatea urtean.

- Mungian bizi diren gazteek hileko 250€-ra arteko laguntza jaso ahal izango dute, pertsona bakoitzak urtean izandako diru-sarrera gordin justifikatuen arabera.

- Etxebizitzaren alokairuaren prezio osoa ezingo da 700 €-tik gorakoa izan, elementu osagarriak sartuta (garajea, erkidegoaren gastuak, kontribuzioa eta arielak).

 

 

Eskaerak aurkezteko epea eta lekua:

- Eskariak aurkezteko epea urriaren 30era artekoa izango da (eskaria egiten den urte horretako urria).

- Eskaera Mungiako Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu beharko da (Trobika 1).

 

 

 

Laguntza horietara bideratutako diru-kopurua: 25.000€; beharrezkoa izanez gero, kopuru hori handitu egin ahal izango da.

 

Ordenantzaren testu osoa jarraian daukazue erantsita, bertan jasotzen dira bete beharreko baldintza guztiak (laguntza horiek jasoko dituzten pertsonak, etxebizitzaren baldintzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa).