Albisteak

Artearen Ibilbidea Mungiara iritsiko da "Bizkaiari begira" erakusketa ibiltariarekin

Beste udalerri batzuetatik igaro ondoren, "Artearen Ibilbidea IV" ekimena Matxin Enparantzan lurreratuko da abuztuaren 28tik irailaren 4ra arte.

Mungiak "La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea" hartuko du abuztuaren 28tik irailaren 4ra, "Bizkaiari begira" erakusketa ibiltariarekin. Arte Eder Museoaren eta BBKren eskutik datorren programa honek Bizkaiaren irudia artearen historiako hainbat unetan erakustea du helburu.

Horrela, proiektu hau maiatzean hasi zen Bilbon eta lurraldeko hainbat udalerritan zehar jarraitzen du. Oraingoan Mungiako Matxin Enparantzan kokatuko da, eta bertan herritarrek astebetez gozatu ahal izango dute ekimen honetaz, datorren irailaren 4ra arte. Irudiek, bestalde, Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute, landa-enklabeetatik, Kantauriko kostaldetik eta bertako portuetatik (Plentzia edo Bermeo, esaterako), Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika, Busturialdea edo Urdaibai bezalako udalerri eta eskualdeetako hiri- eta industria-paisaietaraino (Bilbo, Erandio edo meatze-herriak).

Idurre Urresti, Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak, honako hau adierazi du: "Mungian kultura bultzatzeko konpromiso argia dugu, eta horren adibide dira gure herrian egunotan egiten ari garen bi erakusketa aipagarriak. "Bizkaiari begira" aukera paregabea da mungiarrek eta bisitariek esperientzia artistiko honetaz gozatu eta ikas dezaten. Horrela, ibilbide kronologiko eta geografikoa egingo dute Bizkaiko lurraldean zehar 36 lanen bidez. Baina, horretaz gain, "Euskal kulturaren Nazioarteko Atea" erakusketa ere badugu Torrebillela Kultur Etxean, euskal kulturaz gozatzeko gune handia. Zalantzarik gabe, Mungiak kultur erreferente bezala hasiko du iraila".

"Bizkaiari begira"

Hogeita hamar bat artistak egindako 36 lanek osatzen dute erakusketa. Horietatik 30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat dira. Horrela, "Bizkaiari begira" lanak lurraldearen "erretratu" bat egiten du, kronologia zabala zeharkatzen duten adierazpen artistikoen bitartez, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehenengo hamarkada arte.

Era berean, giza presentziak, paisaiak, Unamunoren hitzetan, paisaiarekin bat egiten du Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan: itsasoko jendearen lana, baserritar eta langileena, prozesioak eta mistizismoa, erromeria eta estropadetako aisia, bolo-jokoa eta bertsolaritza, kultura eta historia. Friso handi bat, Luis Pareten eszena idealizatuetatik hasi eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoraino doana.

Erreprodukzio bakoitzarekin batera, dagokion artatze-iruzkina egiten da. Iruzkin hori QR kode baten bidez ere lor daiteke. Kode horrek museoaren webgunean dagoen multzorako sarbidea ematen du (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).

Proiektua José Luis Merino Gorospek egin du, museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak.

Bisita komentatuak

Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak ekimen honen proposamen didaktikoa egin dute, doako bitartekaritza-programa bat abian jarriz. Programa horren barruan, ikastetxe eta kultur elkarteentzako bisita komentatuak daude, eta erakusketa ikustera hurbiltzen diren bisitarien kontsultei arreta eskainiko zaie. Ordutegia, alde batetik, abuztuaren 29tik irailaren 1era izango da, 18: 30etik 20: 30era, eta, bestetik, irailaren 2an eta 3an, 12:00etatik 14:00etara.