Albisteak

Alaitz Erkorekak Mungiako alkate kargua hartu du

Makila emateko ardura Ager Izagirre bere aurrekoak eta lagunak izan du.

Gaur goizean egin da Mungiako Udala eratzeko bilkura Torrebillela Kultur Etxean. Ekitaldian, Alaitz Erkoreka Baraiazarrak, hautagai jeltzaleak, alkate kargua hartu du, EAJ-PNVko (8) eta PSE-EEko (1) kideen babesarekin. Gainerako alderdiek, EH Bilduk (5), Cívica Monte Berreagak (2) eta Mungia Alkartuk (1) euren ordezkariak babestu dituzte.

Makila emateko ardura Ager Izagirre bere aurrekoak eta lagunak izan du. Alkate berria bere auzokide mungiarrei zuzendu zaie esker oneko hitzekin eta bere konpromisoa azalduz, “zintzotasunez, erantzukizunez eta gardentasunez lan egiten jarraituko dugu”. Era berean, bere estilo propioa aldarrikatu du, akordioak lortzeko borondatea eta taldelana azpimarratuz.

Udalbatza berria eratzeko saioa amaitu ondoren, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek bilera egin dute gobernu koalizio berria sinatzeko, atzo arratsaldean bi taldeek lortutako akordioaren ondoren.